Bizkaia Torneoa hasiko dute gaur
Olatz Arrizabalaga gernikarrak Naroa Agirregaz jokatuko du, Ainhoa Ruiz de Infante eta Olatz Ruiz de Larramendiren kontra.
Pilota mistoko Bizkaia Torneoa hasiko dute gaur, 19:00etan Bilboko Bizkaia frontoian.
Sei bikotek lehiatuko dute txapelketa, bi taldetan banatuta, itzuli bakarreko liga sistemaren bidez. Olatz Arrizabalaga gernikarrak Naroa Agirregaz osatu du bikotea. B taldean edo multzoan daude, Iera Agirre-Arrate Bergara eta Ainhoa Ruiz de Infante-Olatz Ruiz de Larramendi bikoteekin batera. A multzoan, berriz, honako hiru bikoteak daude: Amaia Aldai – Oihana Orbegozo, Miren Larrarte – Gentzane Aldai eta Leire Garai- Maite Ruiz de Larramendi.
Gaurko 1. jardunaldian bi partidu jokatuko dituzte. Arrizabalaga eta Agirre Ruiz de Infante eta Ruiz de Larramendiren kontra ariko dira. Amaia Aldaik eta Oihana Orbegozok eta Leire Garairen eta Maite Ruiz de Larramendiren kontra jokatuko dute.
Arrizabalagaren berbetan, gaurkoa “partidu gogorra” izango da: “Egun ona badauka, Olatz Ruiz de Larramendi jokatzen duten atzelari guztietatik onena dela uste dut. Jotzailea da, pilota asko atzeratzen du, eta nire atzelariari min egiteko aukera dauka. Beraz, defentsan asko lagundu beharko dut, eta ahal dudanean aurrean amaitzen saiatu. Uste dut nire puntu indartsua hori dela, aurrean amaitzen badakidala, eta horretaz baliatu beharko gara, eta eurei partidua kontrolpean edukitzen ez utzi”.
Irabazteaz gain, txapelketan “itxura ona” ematea da bere helburua: “Txapelketa nahikoa laburra da. Ligako bi partidu jokatu, eta gero finala edo hirugarren eta laugarren postuak daude jokoan. Topera irten beharko gara partidu bakoitzean; bat galduz gero, finalera heltzerko aukerak asko murrizten dira”. Torneo hau Master Cup txapelketa prestatzeko erabiliko dutela gaineratu du.
Arrizabalaga: “Defentsan asko lagundu beharko dut, eta ahal dudanean aurrean amaitzen saiatu”
Datorren barikuan [urtarrilaren 15] lehiatuko dute 2. jardunaldia. Miren Larrarte – Gentzane Aldai eta Leire Garai- Maite Ruiz de Larramendi bikoteen artekoa izango da partidu bat, eta Iera Agirre-Arrate Bergara eta Ainhoa Ruiz de Infante-Olatz Ruiz de Larramendiren artekoa bestea.
3. jardunaldian [urtarrilaren 22] lehiatuko dute beste partidua Arrizabalagak eta Agirrek, Iera Agirreren eta Arrate Bergararen kontra. Jardunaldi horretan Amaia Aldaik eta Oihana Orbegozok Miren Larrarteren eta Gentzane Aldairen kontra jokatuk dute.
Urtarrilaren 31n [domeka] lehiatuko dute finala eta hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partidua.
Ikusteko aukera. Partiduak ateak itxita jokatu behar dituztela eta, Bizkaia Frontoia Facebook katearen bidez emango dira. Finala, berriz, ETB1en eskainiko dute zuzenean.
Hirugarren urtez egingo dute Bizkaia Torneoa eta bere garrantzia azpimarratu du gernikarrak: “Gure egutegian txapelketa ofizial moduan hartzen dugu. Hori guretzat garrantzitsua da. Zenbat eta txapelketa ofizial gehiago eduki, partidu gehiago jokatu, guretza askoz hobeto da. Partiduan jarraipen bat edukitzea gure maila hobetzeko eskertzen da”.