864 PCR proba egingo dituzte gaur arratsaldean Artza frontoian
Sei urtetik gorako mundakarrak ere PCR probak egitera deitu dituzte. Eguaztenera bitartean, Bermeoko Artza frontoia erabiliko dute PCR probak egiteko. Bermeo eta Mundakako udal zerbitzu gehienak zarratu dituzte, bai eta umeentzako jolasguneak ere.
16:15 inguruan zabaldu dituzte Artza frontoiko ateak, eta 21:30era egingo dituzte gaur PCR probak. Sei urtetik gorako bermeotarrak deituta daude PCR proba egitera, bai eta mundakarrak ere. Orain dela gutxi jakitera eman dute sei urtetik gorako mundakarrak deitu dituztela PCR proba egitera; bermeotarren leku berdinean egingo dituzte probak, Artza frontoian.
Bermeoko eta Mundakako alkateek herritarren parte hartzea eskatu dute egoerari aurre egiteko. Izan ere, bi herriak gune gorrian daude. Proba egin ahal izateko beharrezkoa da aurrez izena ematea; bermeotarrek 94-602 90 50 edo 900 20 30 50 telefono zenbakietara deitu ahalko dute, eta mundakarrek, berriz, 94-630 59 95 edo 900 20 30 50 telefono zenbakietara.
Gaur hasi eta eguaztena bitartean egingo dituzte PCR probak; gaur ez ezik, gainontzeko egunetako ordutegia honakoa izango da: 08:30etik 21:30era. Bermeoko osasun etxeko ordezkari Rosa Mari Urrutiak esan du denbora gehiago behar baldin bada, luzatu egingo dutela.
Bi herriak kontuan hartuta, 18.500 herritar daude PCR proba egitera deituta. Horietatik guztietatik, gaur gaurkoz [urtarrilak 8], 6.000 pertsonek hartu dute txanda. Gainontzekoak animatzen dituzte txanda eskatzera, “garrantzitsua baita ahalik-eta jende gehienak proba egitea”. Egun bakoitzean, gutxi gorabehera, 2.100 pertsona igaroko dira Artza frontoitik. Gaur arratsaldean, berriz, 864 pertsonak egingo dute proba.
PCRa egingo duten mugikortasun urriko pertsonentzat edota laguntza behar dutenentzat, aparkalekuak gorde dituzte Artza frontoiaren kanpoaldean.
Azken egunetan, Bermeo zein Mundakan, positiboen kasuak goraka egin dute, “kasuak nondik datozen jakin barik, gainera”. Horregatik, Urrutiaren arabera, “garrantzitsua” da baheketa egitea.
Bermeoko alkate Aritz Abaroa frontoian zegoen gaur arratsaldean. Herritarrak animatu ditu proba egitera: “Modu seguruan egingo da eta modurik eraginkorrena da egoerari aurre egiteko”. Proba egin bai, baina “erantzukizunez jokatzearen” beharra ere nabarmendu du Bermeoko alkateak.
Datuak onak ez direla-eta, herritarrak “arduratuta” daudela dio Abaroak: “Argi esan behar dugu datuak ez direla onak izan ezta bilakaera ere, herritarrak kezkatuta daude. Horren adierazgarri da jendeak izan duen erantzuna, parte hartzea handia izaten ari da. Kezka, hortaz, badago eta datuak ikusita egon beharra dagoela uste dut”.
Beste neurri batzuk. Birusaren zabalkundea ekiditeko, Bermeoko Udalak beste hainbat neurri hartu ditu. Modu horretan, udal zerbitzu gehienak (kiroldegia eta udal kirol instalazioak, Gizarte eta Kultura Etxea, Musika Eskola…) zarratzea erabaki du. Zabalik egongo dira, hala ere, udal bulegoak eta Berhaz zerbitzua. Azken hori erabiltzeko, baina, hitzordua hartu beharko da 010 telefono zenbakian edo egoitza elektronikoan.
Umeen jolasguneak ere ixtea erabaki du Bermeoko Udalak. “Egoerak hobetu ahala zerbitzuak berriz martxan jarriko ditugu, baina horretarako guztion konpromisoa beharrezkoa da. Jakin badakit ahalegin handia egin dugula hilabete hauetan. Orain, hala ere, ahalegin hori indartzea dagokigu. Zaindu gaitezen eta zaindu ditzagun gure ingurukoak”, esan du alkateak.
Mundakako Udalak ere egoerari aurre egin ahal izateko nhainbat neurri hartu ditu. Jakitera eman dutenez, instalazio publikoak (Isla Kale kiroldegia, Alkate Mallona kiroldegia, udal liburutegia, Kultur etxea) itxita egongo dira gutxienez urtarrilaren 15era arte. Era berean, Talako eta Alkate Mallonako jolasguneak ere zarratu egin dituzte.
Abenduaren 31n sartu zen Bermeo eremu gorrian, eta asteon sartu da Mundaka. Kostaldeko bi herri horietan, hortaz, itxita dago ostalaritza. Mundaka 5.000 biztanle baino gutxiago duen udalerria bada ere, Osasun Sailak uste du bertako egoera epidemiologikoak tabernak eta jatetxeak ez irekitzea eskatzen duela.
Astelehenero eta eguenero ebazpen berri bat argitaratuko dute, udalerri horietan pandemiak izan duen bilakaera ezagutarazi, eta horrenbestez, ostalaritza zabaltzeko debekua kendu duten ala ez jakinarazteko.
Datuak. Azken orduetan 24 positibo berri erregistratu dituzte Busturialdean. Positibo gehienak Bermeon erregistratu dituzte; COVID-19agaz kutsatutako hamar kasu egon dira. Zortzi positibo atzeman dituzte Gernika-Lumon, hiru Muxikan, bi Mundakan eta bat Busturian.
Azken astean, Bermeon, 47 positibo erregistratu dira. 100.000 biztanleko 14 eguneko inzidentzia tasa metatuak goraka jarraitzen du, 691,90koa zen atzo. Mundakako datuei erreparatuta, azken astean zortzi izan dira erregistratutako positiboak. 100.000 biztanleko 14 eguneko inzidentzia tasa metatua 651,11koa zen atzo. Bi herriek, hortaz, gune gorrian jarraituko dute.
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokienez, 535 kasu positibo baieztatu ziren atzo: 282 positibo egon ziren Bizkaian, 170 Gipuzkoan eta 73 Araban. EAEtik kanpo bizi diren bederatzi pertsonek eman dute positibo. Jakitera eman dutenez, atzo 7.503 test diagnostiko egin zituzten.
Osasun sailburu Gotzone Sagarduik herritarrak arduratsuak izan daitezen eskatu du, “birusa gehiago zabal ez dadin”. Gogorarazi duenez, horretarako beharrezkoak dira, “distantziak gorde, eskuak garbi izan, maskara erabili, espazio itxiak aireztatu eta kontaktuen burbuila mantentzea”.
Labi batzordeak “oso kezkagarritzat” jo du Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako egoera epidemiologikoa, eta, azaldu duenez, “geldoa baino etengabea” da transmisioaren goranzko joera. Egoeraren larritasuna ikusirik, batzordea astelehenean bilduko da, berriz ere, pandemiaren kontrako neurri murriztaile gehiago ezarri edo ez aztertzeko.