Gabonetako postal lehiaketa martxan da
Lehiaketan Gabonak islatu beharko dituzte parte-hartzaileek, eta abenduaren 30era arteko epea dute lanak aurkezteko.
Hiru eta hamabi urte bitarteko gazteei zuzendutako postal lehiaketa jarri dute martxan Gautegiz Arteagan. Lehiaketan Gabonak islatu beharko dituzte parte-hartzaileek, eta abenduaren 30era arteko epea dute lanak Kultur Etxean aurkeztu ahal izateko.
Jasotako lan guztiak hiru kategoriatan banatuko dituzte: hiru eta bost urte bitartekoen kategoria izango da txikiena, seitik zortzi urtera artekoena bigarrena, eta bederatzi eta hamabi urte bitartekoena hirugarrena.
Kategoria bakoitzeko postal irabazleak sare sozialen bidez iragarriko dituzte urtarrilaren 8an.
Kultur etxea, zabalik. Gautegiz Arteagako kultur etxeko arduradunek jakinarazi dutenez, Gabon jaietan kultur etxea zabalik egongo da arratsaldeetan, 16:30etik 20:00etara bitartean. Abenduaren 24an, 31n eta urtarrilaren 5ean itxita egongo da.
Gogoratu dute egoera epidemiologikoa oraindik ez dela ona, eta beraz, ezarritako osasun neurriak errespetatzeko eta erantzukizunez jokatzeko deia egin dute.