Argazki zaharrak historia ezagutzeko
Gernikazarra historia taldeak XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako Gernika erakustea erabaki du Artekale kaleko arkupeetan jarritako erakusketa baten bitartez. Urtarrilaren 12ra arte egongo da ikusgai.
Altxorrak dira. Errealitatearen islada. Argazki zaharrak historia dira. Aurreko belaunaldiei, garaian garaiko bizimoduari eta herriei buruzko informazioa ematen dute. Eta horiek duten balioa azpimarratu gura izan du oraingoan Gernikazarra historia taldeak.
Gernikaren historia zabaltzen diharduen taldea da Gernikazarra, eta aintzinako argazki erakusketa baten bidez XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasierako Gernika erakustea erabaki du: taldeak dituen argazki-artxiboaren zati baten erreprodukzioak jarri ditu jendaurrean, Artekale kaleko arkupeetan. Urtarrilaren 12ra arte egongo da ikusgai.
Garai hartako gernikarren herria zelakoa zen erakutsi dute horrela. “Gure aurrekoek ezagutu zuten bizitza da argazki zahar hauek berregiten laguntzen digutena”, diote taldeko kideek. Lehengo kale eta eraikuntzez gain, garai hartakoen eguneroko zereginak eta bizimodua ageri dira. Gernikak ezin izan zuen kontserbatu gaur egun “alde zaharra” deituko zen gunea, eta hori erakustea ere bilatu dute taldeko kideek: “Irudi hori kendu egin ziguten, eta argazkiak bakarrik lagun diezaieke gaur egungo belaunaldiei irudi hori partzialki berreraikitzen”. Izan ere, gaurko gernikarrek lehengo hiribilduaren ikuspegia berregitea bilatu dute Gernikazarrakoek, neurri batean baino ez bada ere. “Irudietariko bakoitzak ezagutzea eta gogoratzea merezi duen historia bat kontatzen digu”.
Argazkigintza. XIX. mende amaieran eta XX. mendearen hasieran argazkigintza ez zegoen eskura. Argazkiak une berezietarako ziren. “Hori horrela, eskuratu ahal izan dugun irudi kopurua nahiko mugatua da”, azaldu dute arduradunek. Baina garaiko eraikuntzak, plazak eta kale nagusiak erakusteko “nahikoa” direla uste dute. Baita jendea bere zeregin arruntetan islatzeko ere: ganadu ferian, baserriko produktuak saltzen, ekintza politikoetan, edota jai giroan.