Euskal preso eta iheslarien "izaera politikoa" aldarrikatuko dute etzi, Gernikan
'Askatasun haizea' herri ekimenak deituta, elkarretaratzea egingo dute etzi, 20:00etan, Merkurion.
Askatasun haizea herri ekimenak deituta, euskal preso eta iheslarien “izaera politikoa” aldarrikatuko dute etzi, 20:00etan, Gernika-Lumoko Merkurion. “Euskal preso eta iheslari politikoen alde egin dezakegun ekarpenik handiena da beraien izaera politikoa aldarrikatzea, eta egoera horretara eraman duten borrokarekin bat egitea, helburu berberek lotzen gaituztelako: Independentzia eta Sozialismoa”, azaldu dute herri ekimeneko kideek.
Presoak kalera, amnistia osoa lelopean elkartuko dira, euren ustetan amnistiak soilik askatuko dituelako “errepresaliatu politiko eta gudariak”. Diotenez, “amnistiaren lorpenak suposatuko du gatazka politikoaren amaiera”. Beste edozein irtenbidek “gatazkari lepoa ematea” suposatuko lukeela diote: “Belaunaldi berriei konpondu gabeko gatazka politikoa uztea”.
Urte amaieran euskal preso eta iheslariak ekarri dituzte gogora, bereziki “latza” izan delako urte hau eurentzat. “Pandemia aitzaki hartuta, kasu askotan, beraien balditzek okerrera egin dute. Preso politikoek jasaten dituzten muturreko baldintzak, askotan, gaixotzera eraman dituzte. Gogora ekarri gura dute Igor Gonzalez Solaren heriotza eta Patxi Ruiz eta Iñaki Bilbao Txikitok “egindako borroka”. Halaber, eskualdeko euskal presoak gogoratuko dituzte: Kepa Arronategi, Jabi Abauntza, Eneko Goieaskoetxea, Gaizka Astrokizaga eta Valentina Morisolli.