Tokiko merkatarien eta ostalarien lanari, saria
Merkatari eta ostalariek egiten duten hurbileko lana saritu du gaur Gernika-Lumoko Udalak. Musutrukek, Kalekhok, Lorategieta Unicok eta Drogeria Amutiok jaso dituzte sariak.
Gernika-Lumoko Udalak merkatari eta ostalariek egiten duten hurbileko lana saritu du, eta lau sari banatu ditu gaur Elai-Alai areto txikian. Drogueria Amutiok, Unico Supermerkatuak, Kalekhok eta Musutruk Kafe Antzokiak jaso dituzte sariak.
Drogueria Amutiok merkataritza ibilbidearen saria jaso du, duela 72 urtetik herritarrei zerbitzua ematen egindako lanagatik; Ainara Amutiori eman diote saria. “1948an inauguratu zuen Antonio Amutiok, premiazko artikuluen hornikuntza ezari aurre egiteko; batez ere higiene, etxea garbitzeko produktuak eta haziak zituzten”. Orain Ainara Amutiok kudeatzen du komertzioa, eta bere lana saritu dute: “Etorkizuneko apustua egin du, hurbileko merkataritzarako historiako momenturik zailenetako batean”.
Lorategietako Unico supermerkatu historikoak, berriz, auzoko merkataritza bultzatzearen saria jaso du gaurko ekitaldian. 1975ean sortu zenetik gaur egunera arte egindako lana eta auzoko bizilagunei emandako zerbitzua nabarmendu dute. Jose Angel Urionabarrenetxeak hartu du saria.
Merkataritza berritzailea bultzatzearen saria, berriz, Kalekho zaharberritze-tailerrarentzako izan da. Merkatu hori berreskuratzeko eta altzarien sektorea berritzeko egindako lanagatik jaso dute aitorpena Sara Casado eta Almu Gonzalez sustatzaileek. Jasangarritasunaren aldeko apustu garbia egin dutela azpimarratu dute antolatzaileek.
Musutruk Kafe Antzokiak ostalaritza saria jaso du. Noelia Sernaren gidaritzapean zuzendutako taberna balioaniztuna da, establezimenduan erakusketak, kontzertuak edota dastaketak egiten dituena. Saria Noelia Sernak hartu du.
Guztira, 55 establezimenduk parte hartu dute Nik Gernika sariak jasotzeko lehian.