Landaketekin jarraituko dute eguen eta zapatuan, Undabason
Landaketetan parte hartu gura dutenek aurretiaz izena eman beharko dute.
Lurgaia Fundazioa martxan dago, eta landaketen bi jardunaldi prestatu ditu aste honetarako Undabason. 10 urte baino gehiago darama Lurgaiak Undabaso berreskuratzeko lanean, eta dagoenerako 120 hektarea baino gehiago daude lehengoratzeko prozesuan.
Lur gehiago baso bihurtzeko asmoagaz jarraituko dute etzi eta zapatuan. “Hilabete hauetan ez gara gelditu, eta gure basoak berreskuratzeko lanean jarraitu dugu, baina zuen laguntzarik barik askoz ere gogorragoa da”, azaldu dute, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete.
Haritzak, astigarrak, urkiak eta ahal duten guztia landatuko dituzte eguen eta zapatuan. Eta Undabasora joateko 09:00etan jarri dute hitzordua Muxikako Ibarruriko AndraMari ermitako aparkalekuan; eguerdirako amaituko dute.
Landaketetan parte hartu gura dutenek izena eman beharko dute info@lurgaia.org helbide elektronikora mezua bidalita. Bertan, parte hartzaileen izen-abizenak, adina, udalerria eta mugikor zenbakia zehaztu beharko dituzte. Baita zein jardunalditara joan gura duten ere. Adierazi dutenez, pandemia egoerak irauten duen bitartean 16 urtetik gorakoek bakarrik parte hartu dezakete, eta, eskatu dute, izena emanez gero ez faltatzeko edota aldez aurretik abisatzeko. Izena eman eta Lurgaiakoen baieztapena jaso barik ez gerturatzeko deia ere egin dute antolatzaileek.
Beharrezko materiala. Antolatzaileek zehaztu dutenez, maskara eramatea derrigorrezkoa izango da, eta ura eta janaria eramatea gomendatu dute, “goiz erdirako”.
Eskularruak eta tresnak eramateaz Lurgaia fundazioa arduratuko da, baina parte hartzaileei arropa eta oinetako erosoak eramateko eskatu diete, eguraldiaren araberakoak.