Ez da betiko errondarik egongo aurtengo Gernikako Marijesietan
Leku zehatzetan kantatuko dute, geldi-geldian daudela, distantzia gordeta eta maskara jantzita. Bederatzi egunetan 27 lekutan abestuko dute, eguneko hiruta lekutan. Parte hartzea ere mugatuta egongo da aurten, eta ezingo da inor gehiago gerturatu.
Kalera ateratzeko ordua heldu zaie. Tradizioa jarraituz, Gabon aurreko bederatziurrena beteko dute eguaztenean hasita. Aurtengo Gernikako Marijesiak, baina, “sinbolikoak, bereziak eta apartekoak” izango dira. “Zentzuz kantatu eta jokatzeko” apustua egin dute. Hala, ez da marijesien betiko errondarik egongo. Leku zehatzetan kantatuko dute, geldi-geldian daudela, distantzia gordeta eta maskara jantzita.
Bederatzi egunetan 27 lekutan abestuko dute, eguneko hiru lekutan. “Kostatu egin zaigu zein lekutan abestuko dugun erabakitzea. Gernikako erdigunean lautan abestuko dugu, bitan Lurgorrin eta Errenterian, eta baten Tiloetan. Ez gara herri guztira helduko, hori badakigu, baina egoera berezia da”, azaldu dute. Zehaztutako toki bakoitzean bederatzi kopla kantatuko dituzte, 06:00etatik aurrera; hau da, gaueko zirkulazio murrizketak amaitutakoan ekingo diote tradizio zaharra bizirik mantentzeari. Azken urteetan goizaldeko 04:00etan ateratzen ziren errondan. Hala ere, ordu aldaketak marijesien historian behin baino gehiagotan egon direla zehaztu dute: “Ez da lehenengo aldia ordua aldatzen dela. Urteren batean 05:00etan atera ziren”.
Parte hartzea ere mugatuta egongo da aurten. “Izena eman duten marijesiez gain, ezingo da inor gehiago gerturatu abestera. Parte hartzea ez da librea izango”, azaldu eta hamabost pertsonako lau talde eratu dituztela zehaztu dute. “Egindako entseguetan aurrez izena emandakoek parte hartuko dute. Prest daude antolatutako taldeetan kantatzeko. Talde berdinak errespetatuko ditugu”.
Taldeak zehaztu dituzte, baita bakarlariak ere. Denis Azkarate Eizagirrek, Jose Antonio Uriarte Itxasok, Alex Uriarte Atxikallendek, Fernando Astoreka Aranburuk eta Ane Miren Arejita Abaituak izango dute bakarlari izateko ohorea.
Hilaren 24an hiru erronda egin izan dituzte azken urteetan, baina aurten ez da horrelakorik egongo. 06:00etan abestuko dute, 09:00etan elizan ariko dira, eta eguerdian Foruen plazan elkartuko dira. Aurton, gainera, ez da betiko tortimortxirik egongo.
Dirurik ez batzea ere erabaki dute: “Ez da dirurik batuko kalez kale eguneko errondea egin eta kantatu bitartean. Ez dugu halako deialdirik egingo, batez ere jenderik gure inguruan ez batzeko”.
Herritarrei entzuteko deia. Kantatzeko izena eman duten marijesiei eskerrak eman dizkiete, “tradizioa mantentzeko konpromiso sendoa erakusteagatik”. Eta gernikarrei marijesiak etxetik entzuteko deia egin diete: “Mesedez gernikarrei eskatzen diegu aurtengo marijesien era hau errespetatzeko eta esandako prebentzio neurriak zehatz betetzeko. Zentzuz jokatu, zentzuz jardun, zentzuz kantatu eta zentzuz entzun”.