Erregina Koparako helburua beteta
Erregina Koparako serieburu sailkatzea izan da Lointek Gernika Bizkaiaren helburua, eta ligaren lehen itzuliko azken jardunaldian helburua bete du. Ciudad de La Laguna Teneriferi 85-62 irabazi dio.
Emakumezkoen Ligaren lehen itzuliko azken jardunaldia izan da asteburukoa. Lointek Gernika Bizkaia 85-62 nagusitu zaio Ciudad de La Laguna Teneriferi, eta Erregina Koparako helburua bete du talde gernikarrak. Perfumerias Avenida, Valencia BC eta Spar Gironagaz batera serieburu da. Lau talde horiekaz batera, martxoaren 4tik 7ra ondorengo hauek lehiatuko dira Erregina Kopan: Movistar Estudiantes, Ciudad de La Laguna Tenerife, IDK Euskotren eta Duran Maquinaria Ensino.
“Lehen itzulia konplikatua izan da, eta sailkapenean laugarren amaitzearen helburua lortu dugu. Azken hilabete eta erdian taldea asko hobetu da. Azken lau partiduetan joko oso ona egin dugu” azpimarratu du Mario Lopez entrenatzaile gernikarrak.
Gernika-Lumoko eta Tenerifeko taldeen artean “lehia oso fisikoa” ikusi zen Malosten atzo arratsaldean. Laura Cornelius, Roso Buch, Angie Bjorklund, Marge Roundtree eta Nadia Colhado jokalariek osatu zuten talde granatearen hasierako boskotea. Gero, Itziar Ariztimuño kantxaratu eta taldearen jokoaren erritmoari “martxa bat gehitu” zion.
Lopezen berbetan, “oso ondo” hasi zuten partidua, erasoan baloia asko eta ondo mugitzen, jaurtiketa aukera egokiekin eta defentsa lan onagaz. “Portzentai onekin, errenta ona lortu dugu, 17-19 puntukoa. Orduan, eurak defentsan estrategiak aldatzen aritu dira, eta gure erasoa apur bat geratu da. Eurak intentsita maila handitu dutenean baloia mugitzea gehiago kostatu zaigu. Talde oso fisikoa da, eta gauzak oso zail ipini dizkigu, batez ere bigarren laurdenean”.
Hain zuzen, lehen laurdenean etxeko taldea jaun eta jabe izan zen (25-15 amaitu zuten), baina, bigarren laurdenean, Tenerifeko taldekoek etxekoen jokoa oztopatu zuten. Markagailuko errenta mantendu zuten bai, baina ez eurek gura zuten jokoa eginda. 43-36ko markagailuagaz amaitu zuten lehen zatia. Atsedenaldiaren ostean, berriro ere partidua kontrolpean eduki zuten Lointekekoek, baina partidua apurtzea falta zitzaien. Tentsioa nabaritu zen eta jariakortasuna falta zitzaien.
Hamabost puntuko errentagaz (63-48) hasi zuten azken laurdena. Ezin ziren erlaxatu, eta intentsitatea areagotu zuten. Esaterako, Belen Arrojok baloi guztiak borrokatu zituen, eta Ariztimuño ere bikain aritu zen. Beste behin, etxeko taldearen kemena agerian geratu zen Malosten.
Lointekeko Roso Buch jokalari katalanak esan zuenez, jokoan zeukatena neurketa irabaztea baino gehiago zenez, hasieratik dena eman zuten, eta erritmo bizia mantentzen ahalegindu ziren hasieratik amaierara. “Minutu batzuetan oso erasokor egon dira, gogor defendituz, eta estualdia pasatu dugu. Presio asko egin digute, eta zenbait baloi galdu ditugu. Hala ere, partiduan berriro sartzea lortu dugu”.
Lointek-Valencia. Asteburu honetan ere ligako talde indartsuetako batek bisitatuko du Maloste, Valencia BC.
Ligaren sailkapenean bigarren dago Valencia; 29 puntu ditu, Avenida liderrak baino bat gutxiago. Lointek Gernika Bizkaia laugarrena da sailkapenean, 25 puntugaz. Lehen itzulian, talde valentziarra 64-52 nagusitu zitzaion Gernika-Lumoko taldeari.
Lehen itzuliko hamabost partiduetatik hamar irabazi ditu Lointekek, eta Valenciak, berriz, partidu bakarra galdu du; Avenida liderraren kontra bi puntugatik galdu zuen 13. jardunaldian (71-69).