Ekoetxea Urdaibai bilketa solidarioa egiten ari da
Abenduaren 22ra arte batuko dituzte arropak eta jostailuak. Ondoren, urtarrilaren 7tik 19ra ere beste aukera bat egongo da.
Urtero egin modura, Busturiko Ekoetxea Urdaibaik arropak eta jostailuak batzeko gune solidarioa jarri du zentroan. 2009tik urtero egiten dute bilketa solidarioa.
Ekoetxea Urdaibaik bultzatutako ekintzak helburu bikoitza duela diote; alde batetik, kolektibo behartsuenekiko laguntza eta solidaritatea adieraztea, eta bestetik, batzuentzat erabilgarriak ez diren materialak birziklatzea eta berrerabiltzea. “Aurten, gainera, garai hauetan talde batzuek dituzten zailtasunak direla-eta, ekimen hau are garrantzitsuagoa da”, esan dute zentroko arduradunek.
Bilketa solidarioaren gunean utzitako erabilitako arropa eta jostailuak irabazi asmorik gabeko Koopera Ingurumen Zerbitzua elkarteak batuko ditu. Koopera giza ekimena sustatzen duen kooperatiba eta enpresa taldeak osatzen dute. Aipatu elkarteak ingurumen babesa eta giza berrikuntzaren inguruko ekintzak sustatzen ditu, eta era berean, bazterketa egoeran edo arriskuan dauden pertsona horien laneratze eta gizarteratzea bilatzen du. Ekonomia Zirkularra bultzatzen duen elkartea da.
Protokoloa. COVID-19 protokoloak direla-eta, Ekoetxea Urdaibaira eroaten diren material eta produktuak “behar bezala desinfektatuta eta garbi egon beharko dute” . Eroaten direnak, zentroko sarreran jarri diren kaioletan utzi beharko direla azaldu dute. Kaiolak beteta daudenean, “ezin izango da besterik utzi”. Horregatik, aurten, gauzak uzteko bi txanda egongo dira. Lehenengoa abenduaren 22ra arte izango da. Bigarren txanda, berriz, urtarrilaren 7tik 19ra izango dela esan dute.