COVID-19aren eraginez langabezian geratu direnentzat diru laguntzak onartu ditu Ereñoko Udalak
Urtarrilaren 7ra arte eskatu daitezke diru laguntzak. 12.000 euro aurreikusi dituzte, baina eskaeren eta aurrekontu-baliabideen arabera, udalak zenbatekoa handitu ahal izango duela zehaztu dute.
COVID-19aren pandemiak udalerriko ekoizpen- eta ekonomia-sarean izan duen eragin ekonomikoaren aurrean, azaroaren 26ko ohiko osoko bilkuran erabaki zuten neurriak hartzea, krisi, “honi aurre egiteko gaitasun txikiena duten eta kalte handiena izan dezaketen pertsonak babesteko”.
Udal agintariek beharrezkotzat jotzen dute Ereñoko familietan eta sektore
ekonomikoetan sor daitezkeen beharrizan ekonomikoei erantzutea, laguntza hauen
bidez.
Familientzat 12.000 euro aurreikusi dituzte, baina eskaeren eta aurrekontu-baliabideen arabera, udalak zenbatekoa handitu ahal izango duela zehaztu dute. Bizkaiko Aldizkari Ofizialean abenduaren 7an argitaratu zen laguntza deialdia. Udalerrian erroldatuta egon eta ohiko etxebizitza bertan daukatenek eskatu ditzateke, eta urtarrilaren 7a arteko epea daukate eskaerak egiteko.
COVID-19aren eraginez, martxoaren 14tik langabezian edo Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espe-diente batean (ABEEE) daudenek edo egon direnek egin ditzakete eskariak. Eta baldintza moduan ipini dute, horien hileroko diru-sarrerak, langabezia-saria barne, 1.100 euro garbikoa izatea eta 2019an, onuradunaren urteko diru-sarrera osoak ez izatea 30.000 euro gordin baino handiagoak.
Langabezia-saria eta onuradun bakoitzak jasotzen dituen bestelako diru-sarrerak osatzeko, gehienez ere 300 euro emango dizkie. Seme-alaba adingabeak dituzten eskatzaileei, 100 euroko laguntza gehigarria ezarriko zaie seme-alaba bakoitzeko: “Gehienez ere 250 euro emango dira familia-unitateko. Eta bizikidetza-unitate bakoitzeko bi pertsonak jaso ahalko dute laguntza, gehienez ere”. Gurasoak banatuta badaude, seme-alabekin bizi den gurasoa izango da laguntzaren osagarriak jasotzen dituena. Zaintza partekatua duten familietan, eskatzaileari osagarri horren % 50 ordainduko zaio.