Beaskoetxea-Manzi eta Antxon-Zabala, finalera
Alex Hormaetxea bermeotarrak ezin izan du finalaurrekoa jokatu, eta Jokin Arbe markina-xemeindarrak hartu du bere lekua. Gernika Zesta Torneoaren finala bariku arratsaldean lehiatuko dute.
Gernikako Zesta Torneoaren finaleko bikoteak barikuan [abenduak 11] erabaki ziren. Finalaurrekoetan nagusituta, Beaskoetxea-Manzi eta Antxon-Zabala ariko dira zein baino zein gehiago bariku honetako [abenduak 18] finalean.
Kantxaren egoerak baldintzatutako finalerdiak izan ziren barikukoak. Hezetasunaren eraginez, pilotak normalean hartu ohi duenaren kontrako efektua hartzen zuen, eta beraz, horri aurre egin behar izan zioten puntistek. Ondorioz, piloteo gutxi eta huts egite askoko partiduak izan ziren.
Diego Beaskoetxea gernikarrak eta Mikel Manzisidor mutrikuarrak Urko Lekerika gernikarraren eta Julen del Rio gasteiztarraren kontra jokatu zuten finalaurrekoa. Azken horiek ezustekoa emateko zorian egon ziren.
Beaskoetxea beteranoak umetatik bere etxea izan den kantxan egoera guztietan ondo moldatzen dakiela erakutsi zuen. Finalaurrekoetako puntista denen artean, bera moldatu zen ondoen egoerara. Gernika-Lumoko aurrelariak eta Mutrikuko atzelariak irabazi zuten lehen set-a (15-10). Bigarrenean, Urko eta del Rio ondo sartu ziren jokoan. Etxeko aurrelari gaztea ausart aritu zen, eta gasteiztarra ondo ailegatu zen pilotara bote jarraituetan. Eurentzat izan zen set-a (9-15), eta berdinketa haustekoan ere 2-4 aurrea hartu zuten. Baina, aurkariek markagailua iraultzea lortu zuten. Azken jokaldia kalitatez betetakoa izan zen, partiduko onena.
Bigarren finalerdian, Jokin Arbe markina-xemeindarrak Alex Hormaetxea bermeotarra ordezkatu zuen. Antxon Alberdi etxebarritarrak eta Jon Zabala markina-xemeindarrak kanporatu zituzten Arbe eta Urtasun. Lehen set-a 9-15 irabazita, bigarrenean sufritu egin zuten Alberdik eta Zabalak. 10-2ko markagailuagaz atzetik joan ostean, markagailua iraulita eskuratu zuten finalerako txartela. Behetik gora joan zen Lea-Artibaiko bikotea. Partiduan sartu, eta aurreko set-ean modura, berriro ere serio jokatuta lortu zuten errenta murrizten joatea; 13-10 eta 14-11 hurbildu ziren, eta gero, hamalauna berdintzea lortu zuten.