Basurdeek menderaezin segitzen dute
Ohorezko B Mailan, orain arteko bost jardunaldiak irabazi ditu Gernika RTk. Hernani liderrarengandik puntu bakarrera dago.
Ohorezko B Mailan Gernika Rugby Taldeak bolada onari eusten dio. Liga hasi zutenetik ez du partidurik galdu, eta denboraldiko bosgarren garaipena eskuratu du asteburuan, Urbietan. Bost puntu gehiago gehituta, 24 punturekin sailkapen orokorrean bigarren postuan dago, Hernani liderrarengandik puntu bakarrera.
Gernika-Lumoko taldeak 45-17 irabazi zion R.C. Ferroli, atzo eguerdian. Errugbi nahiko gogorra, aurrealdean bereziki indartsua dena aukeztu zuen talde galiziarrak lehen jardunaldietan, eta horri aurre egiteko prestatu ziren aurreko astean zehar basurdeak, berdegunean zer joko plazaratu behar zuten planteatuz.
Partiduan ondo sartu ziren etxekoak atzo, eta lehen hogei minuetan bi entsegu burutu zituzten. Baina, minutu gutxiren buruan, euren jokoa utzi, eta galiziarrek aurkeztu nahi zuten jokoan sartu ziren. Hala ere, denbora guztian markagailuan aurretik mantendu zen talde gernikarra. Bere jokoa berreskuratze bidean, atsedenaldia iritsi orduko Gernikak beste bi entsegu lortu zituen, Eneko Gorostizaren eskutik. Fase estatikoetan izandako nagusitasunak ahalbideratu zuen neurri handi batean atsedenaldira aurretik joatea (24-3).
Bigarren zatian ere fase estatikoetako nagusitasun argiagaz segitu zuten, eta lehen hogei minutuetan markagailuan ez zen aldaketarik egon. Orduan, Ferroleko jokalari batek txartel horia ikusi zuen. Zelaian bat gehiagogaz zeudela, Fagu Malloyk beste entsegu bat egin zuen etxekoentzat.
Baina, pozak ez zuen asko iraun, entsegua egin, eta segituan Francisco Bottoni basurdeak txartel gorria ikusi baitzuen. Ondorioz, azken hogeita zazpi minutuetan jokalari bat gutxiagogaz aritu zen etxeko taldea. Gainera, Malloyren entseguak erantzun azkarra jaso zuen galiziarren aldetik. Hark entsegua egin eta hiru minutu beranduago ailegatu zen Galiziako taldearen lehen entsegua, Marcos Agustin Gallianok egin zuen.
Bost minutu beranduago Julen Cendagortak Gernikarentzat beste entsegu bat lortu zuen (31-10), eta ondoren, Jon Mikel Aboitizek beste bat. Galiziarrek ez zuten amore emateko asmorik, eta ekinean jarraitu zuten. Neurketa amaitzeko bi minutu falta zirenean beste entsegu bat egitea lortu zuten Santiago Carrararen bitartez. Entsegu-gauzatze horren atzetik Matias Calatayudek transformazioa ona egin zuen.
Eibarren. Asteburu honetan Gernika RTk AVIA Eibar Rugbyren kontra lehiatuko du 6. jardunaldiari dagokione neurketa, Unben.