'Amaren intxaurrak' ikuskizunerako sarrerak bihar jarriko dituzte salgai
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek bi saio eskainiko dituzte abenduaren 29an Artza frontoian; 16:00etan eta 18:30ean.
Urtero modura, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Bermeo bisitatuko dute gabonetako oporraldian. Aurten, abenduaren 29an (martitzena) egongo dira Artza frontoian.
Amaren intxaurrak ikuskizuna eskainiko dute, eta aurreko urteetan egin modura, bi saio eskainiko dituzte; 16:00etan eta 18:30ean. Hori bai, aurten, Artza frontoiko edukiera murriztua izango da; %50eko edukiera izango duela jakitera eman dute udal arduradunek.
Heldu batek lau sarrera. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen ikuskizunerako sarrerak Gizarte eta Kultura Etxean eskuratu ahalko dira; bihar, 09:00etan hasiko dira horiek saltzen. Umeek bost euro ordaindu beharko dituzte, eta nagusiek berriz hamar euro.
Azaldu dutenez, heldu bakoitzak, gehienez, lau sarrera erosi ahal izango ditu, eta ikuskizunera, gehienez, heldu bat joan ahalko da hiru umegaz.
Beste alde batetik, gogora ekarri gura izan dute ikuskizuna 2 eta 3 urtetik gorako umeei zuzendutakoa dela, hortaz txikiagoak ez joateko gomendioa luzatu dute.