Olatz Arrizabalaga: "Pilota gosez goaz, jokatzeko gogoekin"
Olatz Arrizabalagak Binakako Master Laboral Kutxa Txapelketako finalerdia lehiatuko du domekan. Gentzane Aldaigaz ariko da, eta euren helburua finalera sailkatzea da.
Olatz Arrizabalaga gernikarrak eta Gentzane Aldaik Amaia Aldairen eta Oihana Orbegozoren kontra jokatuko dute Binakako Master Laboral Kutxa Txapelketako finalerdia, domekan [abenduak 6], Derion, 12:00etan. Ruiz de Infante-Arrillaga eta Espinar-Agirre bikoteen artekoa izango da beste finalerdia. ETBn eta Euskadi Irratian zuzenean eskainiko dituzte partiduak.
Finalerdia irabaztea eta finalera sailkatzea da Arrizabalagaren eta Aldairen helburua: “Gentzanegaz txapel bat irabazteko bigarren aukera bat moduan hartzen dut hau, aurreko Master Cupean finala galdu genuelako. Polita izango litzateke beste final batera heltzea eta txapela etxera eroatea”. Bikote faboritoa da eurena, baina, printzipioz, ez duela presiorik sentitzen dio. Finalean sartzeko beharrezkoa zer izango den galdetuta, lasai irtetzea gakoa izango dela nabarmendu du: “Lasai eta gozatzera irtetzea. Horrela jokatzen dugu hobeen. Amaia Aldaik nire jokoaren estilo nahikoa antzerakoa dauka. Serioen hasten den eta huts egite gutxien egiten duen bikoteak irabaziko duela uste dut; gutxien prezipitatzen denak irabaziko du”.
“Polita izango litzateke beste finalera heltzea eta txapela etxera eroatea”
Arrizabalagak eta Gentzane Aldaik euren aurkari den Amaia Aldaigaz entrenatzen dute. Hilabete honetan alkarregaz aritu direnez, badakite ze mailatan dagoen: “Uste dut oraintxe momentuan aurrelari onenetariko bat bera dela. Aurkari oso gogorra daukagu hor aurrean. Oihana Orbegozo lehenengoz ikusi nuen aurrekoan final-laurdenetan, eta atzelari oso segurua ikusten dut. Lan gogorrak edukiko ditugu, eta ea ez badira nagusitasunez aritzen”.
Orain dela hilabete lortu zuten finalaurrekoetara sailkatzea, eta itxaronaldia “nahikoa luzea” egin zaiela esan du gernikarrak: “Jokatzen ari garen txapelketa bakarra da, eta ez gaude ohituta hainbeste denboran partidurik ez edukitzera. Gentzane eta ni pilota gosez goaz, jokatzeko gogoekin. Azken entrenamenduak nahikoa onak izan dira, eta uste dut nahikoa ondo heltzen garela”.
Beste finalerdia. Ruiz de Infante-Arrillaga eta Espinar-Agirre bikoteen artekoa partidu irekia izango dela iruditzen zaio. “Bikote oso desberdinak dira. Miriam Arrillagak eta Ainhoa Ruiz de Infantek indarraren poderioz jokatzen dute. Patri goxuan oso ondo dabil, eta mistoan ere bai, baina indar gutxiago dauka. Finalaurreko baten esperientziak eragin handia edukiko du. Urduritasunak eta esperientziak asko egingo dute. Partidu horretan edozer pasatu liteke; izenagatik, agian, Patri da faboritoa, baina ez dut argi ikusten”.
Domekan garaipena lortzen duten bi bikoteek abenduaren 20an Arrigorriagan lehiatuko dute finala.