Bizkaiko Elikagaien Bankurako janari bilketa egingo dute Bedaronan, Ean eta Natxituan
'Dekonak ez dekonari' kanpaina egingo dute datorren astean, eta herritarrei ekarpenak egiteko deia luzatu diete.
Bizkaiko Elikagaien Bankurako ekarpenak jasotzeko, Dekonak ez dekonari kanpaina egingo dute datorren astean, Bedaronan, Ean eta Natxituan.
Horretarako, hainbat batuketa gune edukiko dituzte aukeran udalerriko bizilagunek. Astelehenetik barikura, udalerriko dendetan eta Haizeder Eskolan utzi ahalko dira elikagaiak. Horrez gain, martitzenean, eguenean eta barikuan [abenduak 8, 10 eta 11] Eako, Natxituako eta Bedaronako elizpeetan eta udal arkupeetan ere jasoko dituzte.
Parte hartzeko eskaria. Beste urte batez, janari bilketan parte hartzera animatu dituzte herritarrak: “Urtebarri egunean gure umeek abesten dutenari kasu eginez, Dekonak ez dekonari kanpaina ipiniko dugu abian. Guri asko kostatu ez, eta askorentzat laguntza handia sortu genezake horrela. Janari bilketa egitera animatu gura ditugu herritarrak”.