Morgako liburutegiko eraikinak hartuko du medikuaren kontsulta berria
Morgako Udalak 200.000 euro inguruko inbertsioa egingo du, eta datorren urte bukaerarako kontsultategia prest izatea aurreikusi du.
Udal liburutegia itxi eta eraikin berean medikuaren kontsulta berria eraikiko du Morgako Udalak. Maria Teresa Artxe alkateak jakinarazi duenez, herriko iriste erraztasuna hobetzea da udalaren helburua eta, bide batez, udal zerbitzuak eskura jartzea. “Oraingo antolaketa apurbat deserosoa da herritarrentzako, eta eurei zuzendutako hobekuntzak gauzatu gura ditugu”. Osasun zerbitzua 2021eko urte bukaerarako prest izatea aurreikusi dute.
Udaletxea, medikuaren kontsultategia eta liburutegia Lehendakari enparantzan daude gaur gaurkoz. Udaletxea eta medikuaren kontsultategia eraikin berean, lehena goiko solairuan eta kontsulta behekoan. Liburutegia, berriz, aparteko eraikin batean dago. Artetxek dioenez, herritarrentzako ez da erraza udalera igotzea: “Herritarrak udalera etorri gura dute, eta igogailurik ez dagoenez, zaila izaten da nagusientzat lehenengo solairura igotzea. Hala, askotan, gu jaitsi behar izaten gara”. Gainera, udal liburutegiak erabiltzaile “oso gutxi” dituela dio, “pertsona bat edo bi hilabeteko”.
Hori horrela, udal zerbitzuak berrantolatzeko beharra zegoela ikusi zuten udal arduradunek, eta liburutegia ixtea eta bertara medikuaren kontsulta lekualdatzea pentsatu zuten. Osakidetzako eta Barrualde-Galdakao ESIko (Erakunde Sanitario Integratua) arduradunek baiezkoa eman zioten lekualdaketari. Halaber, udal zerbitzua ere beheko solairura lekualdatuko dute.
Kontsultategia lekualdatuko denez, zerbitzua guztiz berrituko dute. Eraikinean medikuen kontsultarako gela eta erizainen aparteko gela egongo da, baita biltegi txiki bat ere. Itxaron gela ere izango dute mediku kontsultategi berrira hurbiltzen direnek. Gainera, eraikina energetikoki eraginkorra izatea ere bada udalaren helburua.
Bi fase. Lanekin 2021eko martxoan hastea aurreikusi du Morgako alkateak, “dagoenerako lanen lizitazioa eta adjudikazioa eginda baitaude”. Hain zuzen, obra guztiak 200.000 euro inguruko aurrekontua izango duela jakinarazi du Artetxek: “Lanon kostua 200.000 euro ingurukoa izango da, eta ezinezkoa da dena batera egitea, dirurik ez dugulako. Hala, fase bitan egitea aurreikusi dugu”.
Lehenengo fasea aurtengo aurrekontuaren diru sailagaz egitea pentsatu dute, eta bigarrena datorren urteko aurrekontuen beste diru sail bategaz. “Lehenengo fasea da inbertsiorik handiena behar duena”, zehaztu du alkateak. Hain zuzen, eraikinaren barrualdea egokituko dute, eta hori izango da obra nagusia; gelak egokitu eta atondu beharko dituzte. Bigarren fasean, berriz, kanpoaldea egokituko dute: parkinga, anbulantzientzako tokia edota eraikinaren sarrera.
Lanok bi fasetan egingo badira ere, obrak jarraian egitea da asmoa, eta datorren urte bukaerarako amaitutzat ematea: “Hamar hilabete baino gutxiagotan egitea aurreikusi dugu, datorren urteko Gabonetarako bukatuta egotea”.
Kultura presente. Liburutegia itxiko dute, baina bertako liburuak kultur etxean jarriko dituztela zehaztu du alkateak: “Zerbitzua mantentzen jarraituko dugu. Gehien irakurtzen direnak edo azkenaldian argitaratu berriak diren liburuak kultur etxera pasatuko ditugu.