Memoria egiteko asteburu luzea
Bakearen Museoak MemoriTour izeneko ibilbide gidatuetan parte hartzeko deia egin die herritarrei. Hainbat aukera eskainiko ditu, doan.
Gernika-Lumoko Bakearen Museoak MemoriTour izeneko ibibide gidatuak eskainiko ditu datozen egunetan. Doakoak izango dira, eta parte hartzeko deia egin die herritarrei.
Memoria egiteko aukera egongo da, beraz, asteburu luze honetan. Guztira, bost bisita desberdin egiteko aukera izango da: Babesleku antiaereoak, Monumentuak eta memoria, Picasso eta ‘Guernica’, Berreraikuntza eta Gernikar emakumeak.Zapatutik martitzenera izango da doako eskaintza, euskaraz eta gazteleraz.
Zapatuan eta astelehenean herriko babesleku antiaereoetara eta monumentuetara bisitak egingo dituzte. Babeslekuak ikusteko bisita euskaraz zapatuan izango da, 11:00etan, eta bisita gazteleraz egin gura duenak astelehenea izango du aukera, ordu berean. Monumentuak eta memoria izeneko zapatuko bisita gidatua gazteleraz izango da, 11:30an, eta astelehenekoa euskaraz, ordu berean.
Domekan eta martitzenean Picasso eta ‘Guernica’ ezagutzeko aukera izango da; domekan euskaraz (11:00etan) eta martitzenean gazteleraz (11:00). Bi egun horietan Berreraikuntzari buruz jakiteko aukera ere izango dute herritarrek. Gaztelerazko bisita gidatua domekan egingo dute, 11:30ean, eta martitzenean, ordu berean, euskarazkoa.
Emakumeei buruz, egunero. Bisita horiez gain, Gernikar emakumeak. XX.mendeko aldaketak euren bizipenen bidez izenekoa ere eskainiko du Bakearen Museoak abenduaren 5etik 8ra. Egunero egingo dituzte, 12:30an hasita.