Toledoko Itunaren kontra mobilizatuko dira Busturialdeko pentsiodunak, zapatuan
Bermeon eta Gernika-Lumon jarri dituzte hitzorduak. Lehenago, baina, Mikel de la Fuentegaz itunaren irakurketa egingo dute Gernika-Lumon, eguaztenean 18:00etan, Elai alai aretoan.
2020ko pentsioen erreforma hasi besterik ez da egin, eta borrokan jarraitzea baino ez zaiela geratzen diote Busturialdeko pentsiodunek, “lortutakoa bermatzeko eta aurrera egiteko”. Izan ere, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Toledoko Itunaren gomendioak berresteko Espainiako Kongresuan hartutako erabakia “gaitzetsi” du, eta ERC, EH Bildu, BNG, Compromis edo Mas Pais Equo alderdien boto partikularra “arbuiatu”.
Hala, pentsio duinak bermatuko dituen Pentsio Sistema Publikoaren aldeko borroka gizarte osoaren borroka dela esanda, pentsio duinak aldarrikatzeko mobilizatuko dira hilaren 5ean. Bermeon, 13:00etan, elkarretaratzea egingo dute Lamerako harrizko bankuan eta Gernika-Lumon, 12:00etan Foruen plazatik hasita, manifestazioa egingo dute. Lehenago, baina, Mikel de la Fuentegaz itunaren irakurketa egingo dute Gernika-Lumon, eguaztenean 18:00etan, Elai alai aretoan.
“Berriz ere pentsiodunen mugimendua erabakietatik kanpo geratu da”, salatu eta Toledoko Itunaren kontra egin dute: “Itunaren gomendioek agerian utzi dute Gizarte Segurantza Publikoa jasanezina dela, eta pentsioak KPIarekin errebalorizatzeko ezintasuna dagoela”.
Pentsioen etorkizuna gastuaren eta demografiaren arabera zehazten duen botere ekonomikoen diskurtsoa onartzen da itunean, baina “funtsezkoak” diren kontuak ahaztu dituztela diote: kalitatezko enplegu egonkorrak sortzea eta aberastasuna bidezko moduan birbanatzea hain zuzen. “Ez dago pentsio duina enplegu duinik gabe”, argudiatu dute. Hori horrela, 2010eko eta 2012ko lan erreformak eta Europako Gutun Sozialean aurreikusitako 1.200 euroko langileen gutxieneko soldata ezartzea eskatzen dute, “ez dagoelako aberastasunaren banaketa ekitatiborik egiterik aberatsek zergak saihesten badituzte”.
Halaber, jasangarritasun-faktoreak eta 2011ko pentsioen erreformak indarrean jarraitzen dutenaren kexu dira pentsiodunak: “Erretiro aurreratua zigortzea eta pentsioaren %100 eskuratzeko baldintzak gogortzea dakar horrek, baita pentsio-plan pribatuak diru publikoarekin bultzatzea eta alarguntza pentsioa murriztea ere”. Izan ere, hurrengoak dira itunetik kanpo geratu diren aldarrikapenak: ordaindutakoaren araberako 1080 euroko gutxieneko pentsioa; 40 urte kotizatuta dituztenen erretiro aurreratuaren koefiziente murriztaileak indargabetzea; soldatetan eta pentsioetan dagoen genero arrakalagaz amaitzeko neurriak; edota alarguntza pentsioaren oinarri arautzailea, diru sarreren iturri bakar gisa %100era igotzea.