Liderraren gol festa
Balmasedari bost gol sartuta, lidergoan sendo dago Gernika.
Hirugarren mailaren 7. jardunaldian, SD Gernika Club 5-0 nagusitu zitzaion Balmasedari, zapatu arratsaldean. Lehen zatian Ander Pacheco (15.min), Ibon Enziondo (18.min) eta Lander Torrealdai (30.min) izan ziren golegileak. Bigarren zatia hasi eta segituan Enziondok bere bigarrena sartu zuen, eta 53. minutuan, Pachecoren golagaz borobildu zuen partidua Urbietako taldeak.
Garaipena ez zen izan albiste on bakarra. Harrobian hezitako Aitor Gandariasek lehen taldearekin debutatu baitzuen, eta horretaz gain, denbora asko zelaietatik kanpo egon ostean, Ager Aspiazu bueltatu zen Urbietara, aurreko lotailu gurutzatuko lesioa gaindituta.
Unai Zamorano getxoztarrak bere lehenengo minutuak jolastu ahal izan zituen. Haren berbetan, partidua “kontrolpean” eduki zuten, 90 minutuetan: “Eurek baja asko eduki dituzte, eta igarri da. Sestao eta gure moduan, goikaldean lehiatzen egon beharko lukeen taldea da, eta igartzen da bajen eragina. Golak egiteko orduan, asmatu dugu, eta atzean ia ez diegu ezer parkatu. Ildo honegaz segitu behar dugu”.
Multzoko liderra. 19 puntugaz lidergoan sendo dago talde gernikarra; Deusto bigarrena zazpi puntura dauka.
Asteburu honetan Beasainen kontra lehiatuko du 8. jardunaldiari dagokion partidua. Beasain laugarren dago sailkapenean, Tolosa hirugarrenagaz 11 puntura berdinduta. Momentuz, hiru partidu irabazi, bi berdindu eta bakarra galdu du Beasainek, eta talde gernikarrak ostera, sei garaipen eta berdinketa bakarra poltsikoratu ditu.
*Argazkiak: Pantxoa Gandarias