Kopan sartzeko helburua lortu du Lointek Gernika Bizkaiak
"Urtero kopan sartzea oso zaila da. Denboraldiko lehen helburua kopan sartzea zen, eta lortu dugulako oso pozik gaude denok", adierazi du Mario Lopez entrenatzaile gernikarrak.
13. jardunaldian Erregina Kopa lehiatzeko txartela bermatu du Lointek Gernika Bizkaiak. Denboraldiko lehen helburua lortuta, pozik daude taldekideak.
78-64 amaitu zen talde gernikarraren eta Spar Gran Canariaren arteko neurketa zapatuan, Malosten. Oso ondo hasi ziren etxekoak, erritmo askogaz, eta aukeraketa onak eginez. “Pare bat minututan, banakako jokaldietan eurak sei-zortzi puntu egin dituzte jarraian, eta partiduan sartu dira. Hala ere, defentsan zein erasoan erritmo onagaz segitu dugu. Gero, eurek erritmoa jaitsi dute eta guk aprobetxatu egin dugu, eta atsedenaldirako errenta polita lortu dugu”, azaldu zuen Mario Lopez entrenatzaile gernikarrak.
Hain zuzen, lehia hasi eta bi minutu eta erdian, 8-0ko partziala egin zuen Lointekek. Kanariarrek hutsartea eskatu, eta borrokatzeko erantzukizuna hartu zuten. Lehia estuaren ondorioz, bi puntuko aldeagaz sartu ziren bigarren laurdenean: 21-23. Alternatiba bila aritu zen Lopez, eta aulkiko mugimenduek fruituak eman zizkieten. Esaterako, Paula Ginzok bere minuturik onenak egin zituen, eta Spar Gran Canariaren defentsa aldaketa jarraituen aurrean, irakurketa egokiak egin zituen Belen Arrojok. Angie Bjorklunden hirukoagaz bederatzi puntuko aldeagaz zeudela, (38-29) partidua geratu zuen talde kanariarrak. Atsedenaldira heldu aurretiko azken minutuetan, 16-4ko partziala egin zuten. Nogaye Loren saskiratzeagaz amaitu zuten lehen zatia (49-35).
Partidu osoan defentsa lan oso ona egin zutela azpimarratu zuen entrenatzaile gernikarrak. “Argi geneukan %200 jokatu behar genuela; partiduak esfortsu handia eskatzen zuela”, adierazi zuen Lopezek. Hirugarren zatian, erasoan eraginkortasuna falta izan zitzaien, baina defentsan erritmo beragaz jarraitu zuten, eta markagailuko errentari eutsi zioten (67-50). Kanariar taldea ahalegindu zen hurreratzen. Indarragaz dena eman zuen. Baina, etxeko taldearen jokoa eta kalitatea gailendu ziren. Partidu bizia izan zen, eta azken laurdenean nekea igarri zen aurkariengan.