Basurdeek markagailuari buelta emanda lortu dute garaipena Donostian
Gernika-Lumoko taldeak 8-22 irabazi dio Bera-Berari, denboraldiko etxeko lehen partiduan, eta lider segitzen du.
Gernika RTk Ohorezko B Mailako 4. jardunaldian jokatu du denboraldi honetako etxetik kanpoko lehen neurketa, eta basurdeek garaipenak pilatzen segitzen dute. Ez dute partidurik galdu orain arte, eta Hernanik partidu bat gutxiago lehiatu badu ere, lider jarraitzen du talde gernikarrak.
Kote Olaizola zelaian, 8-22 nagusitu zen AVK Bera Beraren kontra, zapatu arratsaldean.
Neurketa ez zen nahi bezela hasi bizkaitarrentzat, lehen zatian zehar ez ziren zelaian ohi legez sentitu. Partida gogorra espero zuten, eta horrela izan zen. Urduritasunak eta Donostiako taldearen planteamenduak jokoa baldintzatu zuten. Ondorioz, partidu aurretik aurreikusitako jokoa zelaian islatu ezinik egon ziren basurdeak.
Hain zuzen, gernikarrek ezin izan zuten lehen zatiko momentu batzuetan izandako nagusitasuna markagailuan islatu. Lehen ordu laurdena igarota, etxekoek euren planteamendua ezarri eta markagailuan aurre hartu zuten, zigor ostiko bategaz. Lehen zatia bukatzear zegoela, Estanislao Renthel-ek zigor ostiko bat ona egitea lortu zuen, hiruko berdinketa ezarriz.
Aurreikusitako jokoa ezartzea lortu asmoz, gernikarrak lasaiago zelairatu ziren bigarren zatian. Jokoan aurrerapausu bat eman zuten, eta horrela, aurkariak fisikoki nekatzea eta intentsitatea apur bat jaistea bultzatu zuten. Egindako aldaketekin ere asmatu zuen talde gernikarrak, eta bigarren zatian nagusi izatea lortu zuen.
Hala ere, gernikarrek markagailuan atzetik aurrera joan behar izan zuten berriro ere, 48. minutuan, donostiarrek Anton Legorbururen entsegu batekin aurrea hartu baitzuten (8-3). Baina, ezarri nahi zuten jokoan sinetsiz, eta zelaian bi jokalari gehiagogaz zeudela baliatuz (Bera Berako jokalari bik txartel horia ikusi zuten bi minutuko tartearekin), basurdeek aurrea hartu zuten. Gernikarren lehen entsegua Facundo Lamasen eskutik iritsi zen, 54. minutuan. Bigarrena berriz, Juan Bautista Arranzek egin zuen. Norgehiagoka amaitzeko bizpahiru minutu falta zirenean, epaileak gernikarren aldeko zigor entsegua adierazi zuen (08-22).
5. jardunaldia. Asteburu honetan ez dute jardunaldirik lehiatuko Ohorezko Mailan. Hurrengo asteburuan, C.R. Ferrol izango du aurkari Gernikak Urbietan.