"Erakunde publikoek euskara babesteko betebeharra daukate"
Behatokiko zuzendariaren esanetan, eremu eta herri oso euskaldunetan kexak ugaritu dira koronabirusaren pandemiagatik, "informazioa gaztelaniaz jasotzen zutelako".
Koronabirusaren pandemiak euskara umezurtz utzi al du?
Pandemiaren aurretik ere ez genuen hizkuntzaren gaia behar bezala txertatuta eta bermatuta gure bizitzetan. Pandemia agertu eta euskara azken lerroko afera bihurtu da. Jendeak euskaragaz zituen lotura guneak galdu ditu. Gaztelania erabili izan da garrantzitsua zen dena edo ia dena komunikatu, informatu eta jakinarazteko. Horrek hizkuntza hegemonikoari hauspoa eman dio, eta gutxituta jarraitzen duen hizkuntzari balioa eta prestigioa eman beharrean, are gehiago zokoratu du. Zer transmititzen zaio jendarteari horrela? Gure hizkuntza une puntualetan edo apaingarri bezala soilik erabili behar dela. Azalpen luze eta garrantzitsuenak gaztelaniaz jaso ditugu lehenik. Herritarrek mezuak bereganatzea gura baldin badugu, oinarrizkoa da bertoko hizkuntzak eskaintzen duen gertutasunean helaraztea.
Zein alorretan jo du indartsuen?
Orokorrean, eremu guztietan; baina, egia da, adibidez hezkuntzan (haur eta gazte askok euskaragaz harremana duten gune bakarra izaten da) edo osasungintzan nabaritu dela gehiago. Azken horren kasuan, egoera dela eta, herritarrak ez dira ausartu zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea dugula exijitzera, honek gure osasunean duen garrantziaren kontzientziarik ez dugulako gehienetan. Hala ere, alor sozioekonomikoan ere eragina izan du; enpresa eta erakunde askok ez diete arretarik jarri bezero eta kontsumitzaileen hizkuntza eskubideei.
Arartekoak ere kezka agertu zuen urrian pandemian hizkuntza eskubideak urratu direlako. Agintariek erantzukizuna daukatela esan zuen mezu guztiak euskaraz eta gaztelaniaz izan daitezela bermatzeko.
Agintari eta erakunde publikoarena da erantzukizun eta ardura nagusia. Hizkuntza eskubideak errespetatu eta euskara babestu eta sustatzeko betebeharra dute. Beraz, beraiek herritarren eskubideen bermatzaile nagusiak izan behar dira. Hortik aurrera, noski, gure jendarteko erakunde publiko zein pribatu orok bete beharko lituzke oinarrizko giza eskubideak jarduera guztietan. Zerbitzua euskaraz eskaintzea aurrean duzun pertsona kontuan hartzea ere bada, zerbitzu horren kalitatean eragin nabarmena duelarik.
Herritarren kexak areagotu izan dira? Zein motako kexak jarri dituzte?
Urtea amaitu barik dago, baina koronabirusagaz zerikusia duten informazio, jakinarazpen, kartel, ohar edo zerbitzu anitzetan ematen diren urraketak jasotzen jarraitzen dugu. Askotan oso gai sentikorrak dira, gure segurtasunagaz edo osasunagaz erabat lotuta daudelako. Alarma egoeran, esaterako, garai berean iaz izan genuen kexen kopurua ia bikoiztu zen, eta urte amaierarantz ere dinamika horretan goaz.
Euskal Herriko zein gunetan egon dira kexa gehiago?
Eremu eta herri oso euskaldunetan kexak ugaritu dira, batik bat, informazioa gaztelaniaz heltzen zitzaielako. Hiriburuetako zerbitzu zentraletara ere inoiz baino gehiago jo behar izan dute herritarrek, eta horren eragina ere nabaritu izan dugu. Baina egoera honek aurretiaz hizkuntza eskubideen kontzientzia handia ez zegoen guneetan ere herritarrek zerbitzua euskaraz jaso gura dutela aldarrikatzera animatu ditu. Poztekoa da benetan euskararen gune anitzetan herritarrek erakutsi duten kemena.
Hizkuntza eskubideak urratu dituzten erakunde horietako asko orain Euskaraldian parte hartzen ari dira Arigune modura.
Arigune modura parte hartzeak, eskaintzen duten zerbitzuan hizkuntza eskubideen kontzientzia hartzeko pausoak ekarri litzake. Hori oso positiboa izan daiteke gure erakunde horietako parte direnek aurrera begirako neurriak har ditzaten; hutsuneak edo beharrak non dauden identifikatzen ere lagundu dezake erakundeen barruan. Baina, noski, hutsune horiek zuzentzeko borondatea izaten jarraitu behar da Euskaraldiko 15 egunak pasatu ostean ere.
Honen guztiaren aurrean zer egin ahal du Hizkuntza Eskubideen Behatokiak?
Behatokitik, urraketa bakoitzaren aurrean urraketa egin duenari bideratzen diogu kexa, urratu duen eskubide eta arau markoa azalduta. Kontuan izan behar dugu erakunde mota batzuek, lurraldearen arabera, hizkuntzarekiko legezko betebeharrak ere badituztela. Erakunde bakoitzak neurri zuzentzaileak hartu ditzan saiatzen gara, eta horretarako, berebizikoa da herritarrek bere bizipenak guri helaraztea. Erakunde pribatuetan ere lan handia dago egiteke, eta horretan dihardugu azken urteetan. Beraien bezeroen oinarrizko eskubideak kontuan hartzea beraien erakundea aberastu egiten du. Kontzientziazio lana ere egiten dugu; jendarte berdinzaleago bat eraikitze bidean, gure hizkuntzarekiko ekitate neurriak har ditzaten saiatzen gara . Azkenik, herritarrak bertoko hizkuntza erabili ahal izatearen garrantziaz ohartarazi gura ditugu. Euskara erabiltzeko espazioak sortzea eta gure egunerokotasuneko eginbehar guztiak euskaraz egin ahal izatea ezinbestekoak dira euskara etorkizunean ere bizirik mantendu gura baldin badugu. Horretarako, baina, eremu askotan tresnak falta dira, eta beste zenbaitetan garrantzitsua izango da guk ere txip aldaketa bat egitea.