Emakumeen ahotsa, lehen planora
Emakumeen testigantzetan oinarrituta, II. Errepublikatik gerraostera arte Gernikan emandako aldaketak ezagutzeko bisita gidatuak prestatu ditu Bakearen Museoak.
Fernanda Arrien, Deunore Labauria, Angeles Atxabal, Maria Angeles Basabe, Eugenia Idoiaga eta Elbira Iturri. Ezkutuan egotetik protagonista izatera igaroko diren Gernika-Lumoko sei emakume dira. XX. mendeko historian zeresana izan zuten, eta euren errelatoa ezagutzeko aukera eskainiko du Bakearen Museoak.
Historia gizonezkoen ikuspuntutik kontatua izan da beti, eta ezkutuan geratu dira emakumeen bizipen eta testigantzak. Orain, baina, Bakearen Museoak emakumeen ikuspuntutik jorratuko ditu XX. mendean udalerrian emandako eraldaketak. Hain zuzen, II. Errepublikatik gerraosteko garaietara arteko epea aztertuko dute: “Joan den mendeak aldaketa sakonak eragin zituen hiribilduaren bizitzan, eta emakume gernikarrak izan ziren eraldaketa horren protagonistak”. Bisita gidatu bereziak prestatu dituzte aldaketa horiek ezagutarazteko, eta garai hartako aipatu sei emakumeen testigantza eta bizipenetan oinarritutakoak dira.
Ordu eta laurdeneko saioak izango dira, kalez kale egingo direnak. Kaleetan barrena joanez, toki bakoitzean emakume bakoitzari buruzko zehaztapenak emango dituzte. Foruen plazatik hasiko dira bisitak, eta San Juan Ibarran emango dituzte Fernanda Arrieni buruzko datu esanguratsuenak. Bertan aritu zen lanean, Catarro jatetxean. “Garai hartan Gernika-Lumo ezaguna zen zituen jatetxeengatik. Eta ez gizonezkoek zerbitzari legez egiten zutenagatik, emakumeek egiten zuten lanagatik baino”.
Lanari, balioa
1937ko apirilaren 26ko narrazioa egiteko, berriz, Deunore Labauriaren testigantzak izango dituzte ardatz. “Jose Labauria garai hartako alkatearen alaba zen, eta bere bizipenetatik bonbardaketaren ondorioak ezagutuko ditugu”, azaldu dute arduradunek.
Angeles Atxabal eta Maria Angeles Basaberen testigantzak ere gerra garaikoak eta gerraostekoak dira. Gerra garaian erizaina izan zen Atxabal. Bonbardaketa bizi eta zaurituak zaintzen lan egin zuen Karmele Deuna ospitalean. “Gaur egun San Fidel ikastola dena izan zen garai hartako ospitalea, eta bertan lan egin zuen Atxabalek. Gerraostean, ospitale izateari utzi eta ikastetxe bihurtu zen”.
Gerraostean Basabek egindako lana aitortuko dute ibilbideetan. Irakaskuntza arloan aritu zen, eta Seber Altube ikastolako sortzaileetako bat izan zen. Baina William Smallwood Egurtxikiri eskainitako laguntza azpimarratuko dute: “Egurtxikiri emandako laguntza azpimarratuko dugu, berak jaso zituen-eta Egurtxikiren The Day Guernica was Bombed. A Story Told by Eyewitnesses and Survivor liburuko testigantzetako asko”.
Beste bi andre garrantzitsuren egitekoak ere jaso dituzte: Eugenia Idoiaga eta Elbira Iturrirenak. Garai hartako emagilea zen Idoiaga, eta “sekulako” lana egin zuela diote museoko ordezkariek. Iturri, berriz, udalerriko lehen ikastetxearen zuzendaria izan zen: “Udalerriko lehenengo ikastetxea ez zen Seber Altube izan, beste bat zegoen aurretik, eta Iturri zen zuzendaria. Bera izan zen bultzatzaileetako bat”.
Azken bi emakume horiekin izendatu dituzte Gernika-Lumoko bi kale. Hala ere, kale guztietatik 30 inguruk dauzkate gizon izenak, eta bik emakumeenak. “Kale bi horiek eta horien tamaina eta itxura aztertuta, ezin da berdintasunaz hitz egin”, diote museoko kideek. Hausnarketa bultzatu gura dute: “Zergatik duten bakarrik bi kalek emakumeen izena aztertzeko kontua da”.
Bisitak prestatzerako orduan, dokumentazio lan sakona egin behar izan dute arduradunek. Andrea Aiape museoko langile ohiak Gernikar emakumeak XX. mendean ikerketan jasotako udalerriko 22 andre gernikarren testigantzak kontutan hartu dituzte. Baita, Gernikazarrak Aldaban idatzitako dosierrak eta Egurtxikiren liburua ere. “Lan gogorra izan da”.
Testuinguru historikoa
Testigantza eta bizipen horiek marko historiko batean kokatzea ezinbestekoa da. “Bigarren Errepublika zelan sortu zen, zein eragin izan zuen horrek, eta gerra garaia eta gerraostea emakumeek zelan bizi izan zuten kontatzen dugu, baita horiek andreengan zein eragin eduki zuten ere”.
Sufragio unibertsalaz hitz egiten dute, izan ere, Bizkai, Araba eta Gipuzkoan bozkatu zuten emakumeek lehenengoz. “1931an onartu zuten emakumeen sufragio unibertsala, baina 1933an bozkatu ahal izan zuten. Eta euskaldunek bozkatu zuten lehenengo, bertan izan baitziren lehen hauteskundeak”.
Emakumeek jasan zuten errepresioari buruz ere hitz egiten dute. Arduradunen berbetan, matxinatuek Euskal Herria hartu zutenean, andreen “aurka” egin zuten: “Andreak umiliatzen zituzten, ilea ebakitzen zieten, eta euren zikinkeria garbitzera behartu. Emakumeak bortxatzen zituzten”. Emakume batzuk kartzelaratuak izan zirela ere azalduko dute, “familiakoak politikariak izateagatik”.
Domekan ibilbideen bi saio egingo dituzte, eta abenduaren 5etik 8ra bitartean 12:30ean egingo dituzte bisitak. Bertaratzeko aurretiaz izena eman behar da, 94-627 02 13 telefonora deituta edo museoa@gernika-lumo.net helbidera idatzita.