Auzholan elkarteak hiri hondakinen plan integral berriaren aldeko sinadurak eskatu ditu
Busturiko Auzholan Elkartekoek eskualdekoen sinadurak batzeko webgune berezia jarri dute.
Zero Zabor Bizkaian Elkarguneak Hiri Hondakinak Kudeatzeko Bizkaiko Plan Integrala (HHKBPI) onartzeari buruzko adierazpena egin du, manifestu bat kaleratuz. Orain, atxikimendu bila dabiltza, eta dagoeneko hainbat norbanakok, elkartek, sindikatuk, alderdi politikok… sinatu dute manifestuaren alde.
Busturiko Auzholan Elkartea da manifestuaren alde sinatu duen elkarteetako bat, are gehiago, eskualdeko herritar guztiei ere berdina egiteko gonbidapena luzatu die. Auzholan Elkartekoek eskualdekoen sinadurak batzeko webgune berezia jarri dute link honetan: https://labur.eus/elkarte-sinadurak.
2020 urtearen amaieran, HHKBPI berria onartu beharko dela gogorarazi dute, 10 urterako. Diotenez, haren edukia, proposamenak eta jarraitu beharreko estrategia “oso garrantzitsuak” dira gizarte osoarentzat: “Ezinbestekoa izango da HHKBPI berria Estatuko eta Europako indarreko legeriagaz bat datozen araudiekin egitea eta gaur egun dauden teknologia berrietara egokitzea”.
Zaldibar gogoan. Ekimena sinatzen dutenek gogoan izan gura dituzte Zaldibarko hondakindegiaren erorketa izugarrian hildako bi langileak. “Hondamendi horrek argi eta garbi indartzen du hondakin horien kudeaketaren norabidea aldatzeko beharra”.
Bizkaiko gizarteari Zero hondakinezko gizarte baterantz joateko deia egiten diote, eta Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu diote ziklo materialak ixteko filosofiagaz bat datorren HHKBPI berria egiteko, Ekonomia Zirkularra izenekoa.