Izaki Gardenak taldeak Arrantzaleen Museoan eskainitako kontzertua ikusi ahalko da asteburuan
Udagoieneko Ostera Hegan zirkuituaren baitako azken kontzertua izango da. Barikutik domekara bitartean doan ikusteko aukera egongo da Udagoieneko Ostera webgunean.
Bizkaiko Foru Aldundiko hiru museo aukeratu eta hiru kontzertu akustiko grabatu dituzte Udagoieneko Ostera Hegan zirkuituaren baitan. Museo horietako bat da arrantzaleen bizimodua eta ohiturak batzen dituen Bermeoko Arrantzaleen Museoa, eta hain zuzen, Izaki Gardenak taldeak izan du horretan kontzertu akustikoa eskaintzeko aukera.
Barikuan hasi eta domekara bitartean, kontzertua doan ikusteko aukera egongo da Udagoieneko Ostera webgunean. Zirkuituko azken kontzertua izango da asteburu honetakoa. Azaroaren 13etik 15era, Eñaut Elorrietak La Encartada Fabrika-Museoan (Balmaseda) eskainitako kontzertua egon zen ikusgai, eta azaroaren 20tik 22ra bitartean, berriz, Zea Maysek El Pobal burdinolan (Muskiz) eskainitakoa. Talde bakoitzak kontzertu akustiko “berezi bat sortu du propio toki berezi horietarako”.
Euskaltzaleen Topaguneak Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin hogei urte daramatza Bizkaia osoan punta-puntako euskal sortzaileak oholtza gainean jartzen. Aurtengoa, Udagoieneko Ostera zirkuituaren 21. aldia da. Aurten, hala ere, formatu “guztiz ezberdin” batekin antolatu dute. Izan ere, aurrez-aurreko ikuskizunak programatu beharrean, publikorik gabeko kontzertuak grabatu dituzte, ondoren ikusleen eskura doan jartzeko. Aurten, ondare historikoa eta musika uztartu gura izan dituzte Udagoieneko Ostera Hegan zirkuituan.
Euskaltzaleen Topaguneko kultur teknikari Maria Riverok kontzertuen kalitate handia nabarmendu du: “Kontzertu bakoitzean musikaria eta tokia bera ere, modu oso berezian zaindu ditugu eta ondorioz oso kontzertu ikusgarriak eta bereziak atera dira. Musikaz gozatu nahi dutenentzat altxor bisualak sortu ditugu”.