Garbiketa eraginkorragoak egiteko hidrogailu berria erosi du udalak
Datozen asteetan beste bi kamioi ekarriko dituzte. Horietako bat sastarrak batzeko erabiliko da, eta bestea, organikoa biltzeko.
Bermeoko Udaletik jakitera eman dutenez, renting sistema erabilita erosi dute hidrogarbigailu berria, eta 63.159,10 euroko inbertsioa egin dute.
Hidrogailu berriagaz presio bidezko garbiketak egingo dituzte; “lana modu azkarragoan eta eraginkorragoan burutuko da”. Hidrogarbigailuak, besteak beste, honakoak garbituko ditu: komun publikoak, edukiontziak eta euren kokaguneak, lirdinga agertzen diren guneak, hiri-altzariak, horma ertzetako txizak, isuriak…
Azaldu dutenez, Bermeoko Udalak pertsona bat jarriko du aipatu ibilgailuagaz lanean, eta aurretiaz finkatutako lanez gain, egunean zehar sor daitezkeen ezusteak ere kontuan edukiko dituzte.
Datozen asteetan beste bi kamioi ekarriko dituzte renting sistema erabilita ere. Horietako bat sastarrak batzeko erabiliko da, eta bestea, organikoa biltzeko. Hiru ibilgailu horiek aurrekoak ordezkatuko dituzte, eta helburua da langileei euren lana ahalik eta hoberen egiteko erremintak eskura jartzea.
“Ibilgailu berri hauei esker aurrerapauso nabarmena emango da udal gobernuaren helburu estrategiko batean: Bermeo erakargarria ardatzean, hain zuzen ere”, esan dute. Hiru ibilgailuak kontutan hartuz, guztira eta BEZ barne, Bermeoko Udalak 489.873,58 euroko inbertsioa egingo du.
Bermeoko alkate Aritz Abaroaren ustez, ibilgailuak ordezkatze “behar beharrezkoa” zen: “Bermeo garbi bat gura baldin badugu, guztion konpromisoaz gain, ahalik-eta erreminta hoberenak eskura izan behar ditugu”.