Sarean ere, euskarari aupada
Aurrez aurreko ekitaldiak egin ezin direnez, Euskaraldiak iraun bitartean, streaming bidezko egitasmo digitala prestatu dute Gernikan. Berakatz Zopa TVn ikusi ahalko dira saioak.
Oztopoen aurrean, konponbideak. Euskara bultzatzeko eta euskararen erabilera sustatzeko bidean asko izan dira aurkitutako eta gainditutako oztopoak, eta aurtengoan ere, horiei aurre egin beharko die Euskaraldiak.
Bigarren urtez jarri dute martxan egitasmoa, baina ez da duela bi urtekoa bezalakoa izango. “Bizi dugun egoera aldakor eta berezia dela eta, ezinezkoa zaigu aurrez aurreko ekitaldia egitea”, azaldu dute penaz Gernika-Lumoko Euskaraldiko arduradunek. Hori horrela, parte hartzaileen, herritarren eta antolatzaileen ongizatea bermatuko duen egitasmoa jarri dute martxan: Euskaraldiak irauten duen denbora tarterako, streaming bidezko zuzeneko egitasmo digitala prestatu dute.
Egoerara egokitu behar izan direla aitortu du Leire Garatxena Gernika-Lumoko Euskaraldiko arduradunetako batek: “Zer egin pentsatzen egon ginen, eta konfinamendu garaian udalerrian sortutako Berakatz Zopa egitasmoaz gogoratu ginen, eta antzeko zerbait egitea pentsatu genuen. Euren ideia izan zen kultura sare sozialetatik zabaltzea, eta plataforma digitala sortuta dutenez, eurekin berba egin eta alkarregaz lanean hasi ginen”.
Euskaraldirako egitarau digitala sortu dute, eta saioak BerakatzZopa.tv Instagram kontutik ikusi ahal izango direla zehaztu dute.
Saioetan euskara izango da erabiliko den hizkuntza bakarra, eta parte hartzaileek txapak jantzita izan beharko dituzte. Denetariko saioak prestatu dituzte. Herriko nagusien ahotsei emango diete lekua: “Garai batean euskara zelan bizi zuten kontatuko dute”. Halaber, euren ama hizkuntza euskara ez den pertsonen testigantzak ere jasoko dituzte. Besteren artean, ipuin kontalariak, keinu hizkuntzako tailerrak, dantzak eta hitzaldi laburrak egongo dira.
Egitasmoa aurrera eramateko, ezinbestekoa izan da herritarren parte hartzea, eta norbanako zein eragileen prestutasuna “erabatekoa” izan dela dio Garatxenak. “Oso pozik gaude jendearen inplikazioagaz. Baita Euskaraldian izena eman duten norbanakoen jarreragaz ere”. Azaroaren 18ra arte guztira udalerrian 2.261 izen emate egon direla zehaztu du.
Gaur gaurkoz, hainbat saio zehaztu dituzte, baina egitaraua zabala dela adierazi eta norbaitek gehiago parte hartu gura izanez gero aukera edukiko duela azaldu dute. “Gernikako Euskaraldiagaz harremanetan jarri beharko da. Baditugu eragileak oraindik ere zer egin ahal duten pentsatzen ari direnak”.
Ikusgarritasuna. Egitasmoagaz, Euskaraldiari hasiera ematea ez ezik, ekimenari ikusgarritasuna eta errekonozimendua ematea bilatu dute. Halaber, euskara egunerokotasunean erabili daitekeela erakutsi gura dute: “Egunerokotasunean eta kulturan ere, euskaraz sortu eta garatu ahal dela erakutsi gura dugu. Hau da, euskaraz 365 egunetan bizitzea posible dela erakutsi gura dugu”.
Horrez gain, Euskaraldiko leloagaz bat egingo dute, Interneteko euskarazko kontsumoa ere bultzatuko dutelako, “gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan”. Sare sozialetan kontsumitzen diren edukiak %90ean euskara ez den beste hizkuntza batean kontsumitzen direla diote antolatzaileek: “Honek balio du, baita ere, euskarari sare sozialetan ikusgarritasuna emateko. Erdaraz kontsumitzen ditugun horiek euskaraz ere kontsumitu ahal ditugula erakusteko”.