Ez da Olentzero eta Errege Magoen ohiko desfilerik egongo Gernikan
Kultura Sailak adierazi duenez, umeentzako bestelako ekitaldi bat antolatzeko ahalegina egingo du, "ilusioa galdu ez dezaten".
COVID-19ak eraginda, Gernika-Lumoko Udalak bertan behera utzi ditu Gabon egutegian horren garrantzitsuak diren Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoen ohiko desfileak. “Ez da Olentzero eta Errege Magoen desfilerik egongo. Ez behintzat beste urte batzuetan bezala”, adierazi dute udal arduradunek, eta bestelako ekitaldi batzuk pentsatzen ari direla jakinarazi dute.
Jokin Garatea kultur zinegotziak adierazi duenez, Gabonetako “ilusioa” mantentzeko asmoa dute: “Argi dago pandemiaren ondorioz gauden osasun egoeran ezin dugula dozenaka pertsona biltzen dituen ekitaldirik egin, baina argi dago, baita ere, ezin ditugula gure umeak Olentzero eta Errege Magoak ikusteko ilusio gabe utzi. Hori horrela, ilusioz beteriko Gabonak bermatuko dituzten beste aukera batzuk lantzen ari gara, betiere guztion segurtasuna bermatu asmoz”. Hori bai, ez direla aurreko urteetako moduko ekitaldiak izango azpimarratu dute.
Udalaren lehentasuna herritarren segurtasuna bermatzea dela adierazi dute. “Guztiz aurreikus daitekeen erabakia da, kontutan hartuta birusak mehatxu handia izaten jarraitzen duela eta elkarretaratzeak saihesten jarraitu behar dela”.