Zerbitzu publikoak, osasungintza eta hezkuntza indartzeko eskatuko dute gazteek
Ernaiko kideek deitu dute mobilizazioa, eta barikuan 18:30ean Pasealekuko eskaileretan jarri dute hitzordua.
“Kontrol asko eta inbertsio gutxi” daudela esanez, zerbitzu publikoak, osasungintza eta hezkuntza indartzeko eskatuko dute gazteek. Ernaiko kideek deitu dute mobilizazioa, eta barikuan 18:30ean Pasealekuko eskaileretan jarri dute hitzordua. Herritarrei bertaratzeko deia egin diete.
Herritarren bizitzak direla euren lehentasuna diote Ernaikoek, eta inbertsioak zerbitzu publikoetan, osasungintza eta hezkuntzan egin behar direla defendatzen dute: “Dirua badago, baina lehentasun kontua da non inbertitzen den erabakitzea”. Baina, salatu dutenez, politikariek dirua “betiko kontuetara” bideratu dutela uste dute: “AHTra doan diru sailak handitu dituzte eta ez da horrelakorik ikusi osasun arloan”. Horrek agintarien lehentasunak zeintzuk diren “argi” erakusten duela diote, eta “kosta ala kosta” kapitalaren etekina “handitzea” dela euren asmoa nabarmendu dute.
Izan ere, “interesatzen zaizkien askatasunak mugatu” dituztela nabarmendu dute: “Gure askatasunak mugatu dituzte, baina interesatzen zitzaienean besterik ez. Geneukan aisialdi ia guztia desgertarazi dute, tabernak eta kirola geldituz eta mugikortasuna debekatuz. Baina lanera eta ikastera berdin joan gaitezke. Etxea, beharra, erosketak, etxea. Horixe da utzi diguten askatasuna”.
Neurria hartu behar izatea onartzen dute Ernaikoek, baina birusa neurri judizial eta polizialekin “bakarrik” ez dela gelditzen uste dute: “Horiek hartzekotan herritarrei laguntzeko neurriak ere etorri beharko lirateke eurekin. Ostalarientzako neurriak edo ordaindu ezin diren alkilerrak gelditzea, esaterako”.
Halaber, gazteen “kriminalizazioa” salatu dute. “Parrandan dabiltzan gazteek dutela mundu osoan zabaldu den birus baten errua ematen du askotan. Badirudi birus oso arraroa dela hau, parrandan zabaltzen dena, eta ez beharrean edo klasean gaudenean”.