Lan baldintza duinak eskatuko dituzte Busturialdeko Ur Partzuergoko langileek
Euren lan baldintzak hobetzeko eta langile kontratazioak eskatzeko elkarretaratzea egingo dute eguaztenean, 13:00etan, ur partzuergoak Sukarrietan dituen bulegoen aurrean.
Busturialdeko Ur Partzuergoko langileek euren egoera “normalizatzeko” eskatuko dute eguaztenean, 13:00etan, ur partzuergoak Sukarrietan dituen bulegoen aurrean. Busturialdeko Ur Partzuergoko kontseilu orokorra osatzen duten politikariei eskatuko diete lan baldintza duinen alde egiteko eta langileak kontratatzeko.
2018ko uztailean Busturialdeko Ur Partzuergoko kontseilu orokorrak eskualdeko ur partzuergoa Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan integratzeko asmoa agertu zuen, eta integrazioa burutzeko elkarrizketekin hasi ziren. Momentu hartan, BUPeko “langileek informazio falta” salatu zuten, ez baitzekiten integrazioaren zergatia ezta langileek zein baldintza izango zituzten ere. Hori horrela, 2019ko urtarrilaren 10ean, langileak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko arduradun nagusiekin bildu ziren, integrazioari eta euren lan baldintzei buruz hitz egiteko. “Zeruko ateak zabaltzen zizkigutela ematen zuen”, adierazi dute ur partzuergoko langileek, baina oraindik ere Busturialdeko Ur Partzuergoko langileak dira: “Itxaroteak badu muga bat, eta muga hori gainditu dugula uste dugu”.
Izan ere, intregrazioa ez da gauzatu, eta Busturialdeko Ur Partzuergoko langileek salatu dutenez, euren lan karga “handitu” egin da. “Gure baldintzek eta langile kopuruak berdina izaten jarraitzen dute. Hala ere, lan karga handiagoa dugu, ez ditugu behar beste langile eta lan baldintzak gero eta nekezagoak bihurtu dira”.
Egoera. Diotenez, eremu guztietan nabaritzen dute langile falta: ETAP, EDAR, Sareak arloan, mantenimenduan eta bulego eta arreta zerbitzuan. “Halaber, hainbat eremu eta kasutan bete beharretatik kanpo dauden ardurak eta lanak betetzen ditugu. Ez baitago behar horiek betetzeko lanposturik”, diote. Halaber, nabarmendu dute badirela soldatan islatzen ez diren erantzukizun eta arriskuak: “Egunerokotasunean kategoria handiagoko lanak egitea, toxikotasunak, arrisku ezberdinak, txandakako lanak edota esperientzia maila ez dituzte kontuan hartzen soldatetan”.
Busturialdeko Ur Partzuergoa sortu zenetik, ez dela “inoiz lanpostuen zerrendarik egin” salatu dute: “Ez da inoiz langileen arduren araberako antolaketarik egin lan zerbitzuaren beharrizanei egokitzeko”. Horrez gain, ez dela “mailaz igotzeko aukerarik egon” eta esperientziari ez zaiola “inongo saririk eman” gaineratu dute.