Kortezubiko argazki eta postal lehiaketak, abian
Bietan parte hartzeko azken eguna da azaroaren 27a (barikua), eta herritarrei parte hartzeko deia egin die udalak.
2021eko udal egutegia osatzeko argazki lehiaketa, eta Gabonetako postal lehiaketa martxan daude Kortezubin. Bietan parte hartzeko azken eguna da azaroaren 27a (barikua), eta herritarrei parte hartzeko deia egin die udalak.
Argazki lehiaketan Kortezubiko txokorik gustukoenak jaso beharko dituzte parte hartzaileek. Postal lehiaketa 3 eta 12 urte bitarteko umeei zuzenduta dago eta “Gabonak Kortezubin” gaia jorratu beharko dute. Udal arduradunek zehaztu dutenez, postal lehiaketako parte hartzaileek bi kategoriatan banatuta lehiatuko dute: 3 eta 8 urte bitartekoek marrazkiak egin beharko dituzte, eta 9 eta 12 urte bitartekoek, berriz, testuak; testuek gehienez 12 lerrotakoak izan beharko dira.
Argazki eta lan guztiak udaletxeko postontzian sartu beharko dituzte parte hartzaileek, gutun batean eta izen-abizenak, adina eta telefono zenbakia zehaztuta. Horrez gain, udala.kortezubi@bizkaia.org helbide elektronikora bidaltzeko aukera ere jarri dute.
Sariak. Argazki eta postal saridunak abenduaren 5ean ezagutaraziko dituzte; 20:00etan jarri dute hitzordua kultur etxean. Argazki lehiaketan parte hartu duten pertsonen artean euskal produktuekin beteriko bi lote zozketatuko dituzte.
Postal saridunak, berriz, Gabonak zoriontzeko erabiliko ditu udalak.