Gerrarik gabeko mundua posiblea den edo ez aztertuko dute jardunaldi antimilitaristetan
Eguaztenean eta eguenean, 18:00etatik 20:00etara bitartean, VIII. jardunaldietan murgilduko dira. Parte hartu gura dutenek aurretiaz izena eman beharko dute.
2013. urtean egin zituzten lehen jardunaldi antimilitaristak Gernika-Lumon, eta, geroztik, urtero egin izan dituzte. Eguaztenean eta eguenean, 18:00etatik 20:00etara bitartean, VIII. jardunaldietan murgilduko dira. Hala, Gernikatik Mundurak, Gernika Gogoratuzek, Ideasurrek, Mugarik Gabeko Ingeniaritzak eta Stor Killer Robotsek prestatutako bi jardunaldiez gozatzeko aukera edukiko dute parte hartzaileek. Bi jardunaldiak UPV/EHUko BBCollaborate plataformaren bidez izango dira.
Antimilitarismoari eta memori historikoari buruzko jardunaldi horien helburua gerraren kontrako mezua zabaltzea da, eta, bide horretan, bertoko herritarrak kontzientziatzea bilatu izan dute antolatzaileek, etorkizuneko gerrak ekidin asmoz. Hain zuzen, Arma autonomoak debekatzeko bidean: gerrarik gabeko mundua posiblea al da? gaia landuko dute aurten. EHUko BBCollaborate plataformaren bidez emango dituzte jardunaldiak.
Eguaztenean unibertsitateen eta industria militarraren arteko lankidetzak jorratuko dituzte. Hizlarien artean Roser Martinez eta Joaquin Rodriguez egongo dira. Biak saritu dituzte arma autonomo hiltzaileak debekatzeko egin duten ikerketa, argitalpen eta lanengatik. Halaber, Espainiar Estatuan, Stop Killer Robots kanpainaren arduradunak izan dira.
Egueneko saioan, berriz, gerrarik gabeko mundua posiblea den edo ez aztertuko dute, eta erantzun zehatzak bilatzen ahaleginduko dira. Armen merkataritzan, armagintzaren finantzaketan, eta armen eta garapen militarraren garapenean sakonduko dute Tica Font ikertzaileagaz. Centre Delas per la Pauko kidea da Font. Beragaz batera ariko dira Rodrigo Mendez Kolonbiako diputatua, Joseba Sanz Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kidea eta Iban Zaldua idazlea. Azken horrek Una visita al museo de Armeria ipuina idatzi du.
Bi jardunaldietan eztabaidatzeko aukera egongo da. Antolatzaileek parte hartzeko deia egin diete herritarrei, baina zehaztu dute aurretiaz izena eman beharko dela. Gernika Gogoratuz elkartearen webgunean eman daiteke izena, inprimaki bat beteta.