Lau urtean ia bikoiztu egin dira webguneko erabiltzaileak
Azken urteetan gero eta gehiago dira Busturialdeko informazioa Hitzaren webgunean kontsultatzen dutenak. Eta horren adibide da azken lau urteetan webguneko erabiltzaileak ia bikoiztu izana; 2016. urtean 4.940 erabiltzaile zituen Interneteko atariak, eta gaur egun 8.377 inguru dira.
Erabiltzaile gehienek Busturialdetik bertatik kontsultatzen dute webgunea (%47), baina Euskal Herriko eta Espainiako beste hiri batzuetatik ere kontsultatzen dute: Bilbo, Gasteiz, Donostia, Madril (Espainia), Bartzelona eta Valentzia (Herrialde Katalanak). Horiez gain, munduko beste herrialde batzuetatik ere eskualdearen berri edukitzen dute.
Busturialdeko herrien artean, ostera, Gernika-Lumoko eta Bermeoko albisteak dira gehien irakurtzen direnak.
Erabiltzaileen adina. Webguneko bisitak gehitzearen garrantzia handia sare sozialen inpaktuari ere badagokio. Izan ere, bisita gehienak sare sozialetatik heltzen dira (%47,54). Eta sare sozialen artean, Facebook da nagusi (%85,63).
Oro har, webgunea bisitatzen duten erabiltzaile gehienak emakumezkoak dira (%55,3). Eta adinari dagokionez, 45-54 urte bitartekoak dira gehienak. Adinaren araberako zerrenda horretan, 55-64 urte bitartekoak eta 65 urtetik gorakoak bigarren eta hirugarren postuetan daude.
Bestalde, gailuei dagokienez, webgunea kontsultatzen duten erabiltzaile gehienak mugikor bidez sartzen dira Hitzaren webgunera (%73,94); ordenagailuz egiten diren kontsultak %23,71 dira, eta tabletetatik egiten direnak %2,35.
Mugikorren erabileraren gorakadaren jakitun, Hitzak webguneko atal guztiak mugikorretara egokitu zituen 2019. urteko urtarrilean. Hala, gaur egun orrialde bereziak, zozketen atala eta beste hainbat mugikor bidez kontsultatu daitezke, inolako arazo barik. Eta aurrera begira ere, joeretara egokitzen joango da atari digitala.