Etxez-etxeko banaketa zerbitzua eskaintzen duten ostalarien zerrenda jarri dute Bermeoko Udalaren webgunean
Bertan agertzen den zerrenda "ez dago zarratuta" eta "gura duenak bere izena eta eskaintzen dituen zerbitzuen gaineko informazioa gehitu ahalko ditu gura duenean".
Bermeoko Udaletik azaldu dutenez, herriko ostalaritza establezimendu eta jatetxeei laguntzeko ekimen berria martxan jarri du. Izan ere, janaria etxez-etxe edo/eta bertan biltzeko zerbitzua eskaintzen dituzten negozioei plataforma bat eskaini die https://www.bizibermeo.eus/etxerako-covid webgunean.
Ekimenak helburu bikoitza duela diote: “Garai zailak bizi dituen sektore honi laguntza eskaintzea eta herritarrei informazio argia eskuragarri jartzea”. Bertan agertzen den zerrenda “ez dago zarratuta” eta “gura duenak bere izena eta eskaintzen dituen zerbitzuen gaineko informazioa gehitu ahalko ditu gura duenean”. Interesa daukatenek Bermeoko Turismo Bulegoarekin jarri beharko dira harremanetan.
Webgunean sartuta, jateko aukera ezberdinak ikus daitezke. Bertan, besteak beste, negozioen telefono zenbakiak, eskaintzen duten karta, ordutegia, irekita dauden egunak edota helbideak ikus daitezke. Gainera, janaria etxez-etxe banatzen duten edo/eta bertan bildu daitekeen jakin ahalko dute herritarrek.
Beste alde batetik, establezimendu bakoitzaren deskribapen labur bat eta sare sozialen (baldin badituzte) helbideak ere ikusi ahal dira bertan. Hau da, informazio guztia “modu erraz, eraginkor eta argi” batean jarri dute herritarren eskura.
“Ez dira garai errazak ostalaritza establezimenduentzako eta jatetxeentzako. Egoeraren jakitun gara. Hau horrela izanik, laguntzeko beharra daukagu eta martxan jarri dugun zerbitzu berri hau uste dut lagungarria izango dela. Egoera honetan laguntzeko ekarpenak egin behar ditugu eta gure esku dauden pausu guztiak emango ditugu norabide horretan. Alde batetik, herritarrek herrian ditugun establezimenduen eskaintza ezagutu behar dugu, eta bestalde, negozioek herritarrak beraien zerbitzuak baliatzea behar dute. Espero dut webgune berri honekin bide horretan urrats bat ematea”, esan du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.