‘Asteko albistegia’ saioa, 2012tik 2015eko uztailera arte
Herritarrei aste osoko albisteak bestelako formatu batean eskaini aldera, Busturialdeko Hitza Asteko albistegia saioa eskaintzen hasi zen 2012ko azaroaren 15ean.
Ikus-entzunezkoak hartzen ari ziren garrantziaz jabetuta hasi zen saioa. Funtsean, albistegiak aste osoan albiste izandako berri garrantzitsuenak jasotzen zituen, modu motz batean, Oihana Cabello kazetariak aurkeztuta. Helburua zen herritarrei tokiko informazioa bestelako formatu batean eskaintzea.
Astero eskaintzen zen saioa, barikuetan, Busturialdeko Hitzaren webgunean. Dena dela, ikusleek Hitzak Youtube plataforman daukan kanaletik ere zuzenean ikusi ahal izaten zuten.
Albistegiari amaiera emateko, aste osoan egunkarian agertutako zorion agur guztiak jasotzen ziren.
2015eko uztailaren 17an eten zen arte, 103 saio eskaini ziren.
Saioa egitea erronka bat izan zen lantaldearentzat. Alde batetik, eguneroko eginkizunen artean grabaketak egiteko tartea atera behar izaten zelako. Bestetik, oinarrizko baliabideekin egiten zelako.
Edonola ere, Busturialdeko herritarrei zer edo zer berezia eskaintzea zen asmoa, eta bi urte eta erdiz horren aldeko apustua egin zuen lantaldeak.
Saio horiek guztiak gaur egun ere ikusgai daude, Hitzaren Youtubeko plataforman, bilaketan «albistegia» hitz gakoa erabilita.