Nabarnizko argazkiekin 2021eko egutegia osatzeko argazki lehiaketa martxan dago
2021eko egutegia osatzeko argazki lehiaketa martxan dago Nabarnizen. Datorren urteko egutegia nabarniztarrek egindako argazkiekin apaindu gura dute, eta horretarako, gaur egungo herriko txokoak islatu beharko dituzte parte hartzaileek.
Azaroaren 30a (astelehena) da argazkiak aurkezteko azken eguna. Parte hartu gura dutenek udaletxean utzi ahalko dituzte argazkiak, errebelatuta aurkeztu gura badituzte. Halaber, udala.nabarniz@bizkaia.org helbide elektronikora ere bidali ahalko dituzte.
Nabarnizen erroldatutako edonork parte har dezake, eta bakoitzak gehienez hiru argazki aukeztu ahal izango ditu, edozein teknika eta koloretan. Hala ere, argazkiak JPG formatuan aurkeztu beharko dira, eta gehienez 500Kb izan ahalko dituzte.
Aurkeztutako argazki guztien artean 12 aukeratuko dituzte, 2021eko egutegia osatzeko. Hautatutako argazkien egile bakoitzak, gainera, 50 euroko saria jasoko du. Udal arduradunek jakinarazi dutenez, argazkien aukeraketa udalaz kanpoko aditu talde batek egingo du.
Datuen babesa. Nabarnizko Udalak zehaztu du aurkeztutako argazkietan pertsonaren bat agertuz gero, norbanako horren idatzizko baimena aurkeztu beharko dela argazkiagaz batera. Era berean, norberana ez den etxe, eraikin edo bestelako ondasunen bat agertuz gero, jabearen idatzizko baimena aurkeztu beharko da.