Bizkaiko ospitale eta lehen arretako zentroetan greba "arrakastatsua" izaten ari dela diote sindikatuek
Eusko Jaurlaritzak argitaratutako datuen arabera, goizeko txandan % 9,30 jarraipena eduki du.
Osakidetzan ordezkaritza duten sindikatu guztiek deituta, (SATSE, ELA, SME, LAB, CCOO, UGT, ESK, SAE, UTESE) Bizkaiko Lehen Arretan eta Osakidetzako ospitaleetan protestak eta greba egiten ari dira lurraldeko zentro guztietan. Goizeko 11:00etan kontzentrazioak egin dituzte lurraldeko zentro guztietan.
Urriaren 29an Araban eta azaroaren 5ean Gipuzkoan gertatu modura, “greba arrakastatsua” izaten ari dela azpimarratu dute sindikatuek: “Araban eta Gipuzkoan gertatu zen bezala, jarraipena bereziki garrantzitsua izaten ari da lehen mailako arretan, eta, zalantzarik gabe, horrek agerian uzten du jasaten ari den gainezkatze sistematikoa eta langileen nekea. Nabarmentzekoa da osasun-zentroetako Bezeroaren Arretarako Guneetako langileen artean izaten ari den jarraipen masiboa. Gainerako kategoriek eta arreta mailek ere, gogor jarraitu dituzte lanuzteak”. Eusko Jaurlaritzak, aldiz, goizeko txandan “lan-etenaldi deialdiaren eragina % 9,30″ izan dela esan du: sendagileak: %10,07, erizainak: % 6,99 eta gainerako osasun-langileak: % 8,66″.
LAB sindikatuaren Bego Aranzasti esan duenez, “jarraipena garrantzitsua” izan da, batez ere lehen arretan: “Eta lehen arretan horretan grebagaz bat egin duten gehienak administrariak eta zaindariak, eta hori kontuan hartzekoa da”. Osakidetzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak kontuan hartuta, “leku askotan %100eko jarraipena” eduki duela zehaztu du.
Hain zuzen ere, sindikatuek kaleratutako agirian salatu dute “milaka langile greba eskubiderik gabe utzi dituzten gehiegizko zerbitzu minimoak” ipini dituela Jaurlaritzak: “Kolektiboaren greba-eskubidea neutralizatzeko, eragozteko eta erasotzeko ahalegin berri baten aurrean gaude. Horrez gain, salatu nahi dugu, grebaren jarraipena zenbatzeko orduan, Osakidetzak beti manipulatzen dituela datuak; eta, greba egiteko aukera izan dutenen artean zenbatek parte hartu duen adierazi beharrean, plantilla osoa hartzen duela oinarritzat, nahiz eta jakin plantilla horren zati handi batek ezin duela greba egin”.
Osasun publikoaren langileen egoera “kezkagarria” dela, eta hori pandemiaren bilakaeraren ondorioz egunetik egunera “larriagotu” egiten dela nabarmendu dute gaur ere: “Horren ondorioak, langileek ez ezik, herritarrek ere jasaten dituzte. Argi eta garbi esan dezakegu, lehen konfinamendua igaro ondoren, Osakidetzak ez duela plangintza egokirik martxan jarri, ezta birusaren balizko berragerraldiei bermeekin aurre egiteko beharrezko errefortzuak ere. Birusa agertu aurretik, lan gainkarga sistematikoa zegoela Osakidetzan. Gaur egungo egoeran, lana modu esponentzialean biderkatu da eta inoiz baino beharrezkoagoak dira iristen ez diren errefortzu horiek. Berriz ere, kolapso egoera batera iritsi gara, eta egoera horretan ezinezkoa da arreta-jarduera guztiari erantzutea”. Martxoan gertatu zitzaien bezala, langileak jada ezin direla “denera iritsi” diote, eta horregatik hasi direla programatuta ez dagoen edota presazkoa ez den ohiko arreta atzeratzen. Neurri horien aurrean euren kezka agertu dute. Izan ere, euren arabera, COVID-19a ez diren bestelako patologien arretan, “etengabeko atzerapenak” gertatzen ari dira: “Atzerapen horiek ondorio larriak izan ditzakete herritarrentzat, eta, zalantzarik gabe, agerian uzten dute gure osasun-sistemak, gaur egungo berragerraldiaren aurrean, ez daukala baliabide nahikorik herritarren arreta-beharrei erantzuteko”.
Osasun sistema publikoan dituzten gabeziei konponbideak bilatzeko, Osasun Sailari eurekin batzartu ez izana leporatu diote sindikatuek. “Osasun Sailak ez du inolako elkarrizketarik izan deialdia egin dugun sindikatuokin: ez dugu dei bakar bat ere jaso”. Komunikabideen bidez neurri batzuen berri eduki dutela esan dute: “Ohikoa den bezala, Eusko Jaurlaritzaren aldetik erabateko opakutasuna eta informazio falta dago. Ez dago negoziaziorik mahai gainean jarri ditugun aldarrikapenei buruz, eta ez da neurri bakar bat ere planteatu urrunetik datozen egiturazko arazoei irtenbidea emateko”.