Santanape Kiroldegiko erreserbak online egin daitezke
Santanape kiroldegiak erreserbak online egiteko aukera jarri du martxan, eta bere ordutegia egoera berrira egokitu du.
Dagoenerako erreserbak online egiteko aukera martxan jarri du Santanape Kiroldegiak. Hain zuzen, erabiltzaileek fitness eta kardio eremuetako erreserbak egin ditzakete.
Udal arduradunek jakinarazi dutenez, udalaren webgunean “Santanape Kiroldegirako aurretiko txanda” ataletik eskatu daitezke hitzorduak. Erreserba “modu erraz eta oraktikoan” egin ahal izango da: “Kiroldegian pasahitz bat eskatu eta gero, joan nahi den ordutegian ordu hartu besterik ez da egin behar”. Erreserba kudeatu ondoren, erabiltzaileek konfirmazioaren egiaztagiria jasoko dute posta elektronikoz.
Kirolgunea bi egun lehenago erreserbatu ahalko da, eta erabiltzaile bakoitzak erreserba bat egin ahal izango du bi eguneko.
Edozein arrazoi dela eta, erreserbatutako ordua erabiliko ez bada, arduradunek erabiltzaileei eskatu die erreserba bertan behera uzteko: “Instalaziora bertara deitu”. Hitzordura joan ezean, erabiltzaileari atzerapen bat ezarriko zaiola jakinarazi dute.
Ordutegia. Kiroldegiko ordutegia egungo osasun egoerara egokitu da. Hala, astelehenetik barikura 08:00etatik 21:00etara egongo da zabalik. Zapatuetan, berriz, 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara arteko zerbitzua eskainiko du, eta domeketan 09:00etatik 14:00etara artekoa.
Adierazi dutenez, eguerdian geldialdia egingo dute, garbitzaileek aldagelak, armairuak eta komunak desinfektatzeko.