Lurgorriko Eguneko Zentroa esku pribatuetan geratuko dela salatu du LABek
Garuneko gaitza duten pertsonentzako zentroa ixtea eta horren kudeaketa pribatua izatea salatu dute gaur, LAB sindikatukoek eta zentroaren erabiltzaileek.
Garuneko gaitza edo urritasun neurologikoa duten pertsonei eguneko arreta ematen zien Lurgorri Eguneko Zentroan autismoa daukatenentzako zentro berria egingo du Bizkaiko Foru Aldundiak, eta esku pribatuetan utzi du. “Gure susmoak baieztatu egin dira. Lurgorriko Eguneko Zentroa erakunde pribatu batek kudeatuko du”, adierazi du LAB sindikatuak, eta zerbitzu publikoen defentsan elkarretaratzean batu dira, gaur, zentroaren aurrean. Bertan egon dira, baita ere, zentroko erabiltzaileak eta familiak.
LABek ez du onartzen zentroa garuneko gaitza duten pertsonentzako ixtea, ezta ere erabiltzaileen profil berria duen zentroaren kudeaketa erakunde pribatu baten esku egotea. “Lurgorrin ematen ari zen profilarekin zerbitzua eskaintzen jarraitzea eskatzen dugu, eta espektro autistaren nahasmendua duten pertsonentzako beste zentro bat irekitzea“.
Osasun krisiagaz, sindikatukoek uste dute “ezinbestekoa” dela kalitatezko zerbitzu publikoaren aldeko apustu sendoagoa egin behar dela. “Baina, zerbitzu bat pribatizatu eta sare publikotik ateratzea da aldundiaren eta haren euskarri diren alderdien erantzuna. Kudeaketa ABNABIri eman diote”, zehaztu dute.
“Lurgorri irekitzearen helburua premiazko arazo bati erantzutea zen, hau da, garuneko gaitza eta gaixotasun neurologikoak dituzten pertsonei zerbitzua ematea Busturialdean”, gogoratu dute gaur. Halaber, erabiltzaileek jasotzen zuten arreta “integrala eta pertsonalizatua” zela nabarmendu dute: “Autonomia funtzional eta soziala sustatuz, erabiltzaileei komunitatera bereizkeriarik gabe sartzea errazten zien zentroak”.
Orain eurei eskainitako beste zentroek ez dituztela erabiltzaileen beharrizanak “betetzen” adierazi dute: “Erabiltzaileak arretarik eta terapiarik barik egon dira 7 hilabete baino gehiagoz, eta, ondoren, plaza eskaini diete prestazio txikiagoak dituzten beste zentro batzuetan”.
Langileen egoera. Gainera, esan dute erabaki horrek zentroko langile guztiei eragin diela, langileak eta erabiltzaileak lekualdatu dituztelako: “Beste leku eta baldintza batzuk izan dituzte”.
Sergio Murillok dierazi zuenez, zentrora iristeko erabiltzaile batzuek egiten duten ibilbidearen luzeera izan da zentroa ixtearen erabakietako bat. Profil berrien eskaerari erantzuteko “berrantolaketaren beharra” zegoela adierazi zuen.