Malosteko energia eraginkortasuna hobetuko du Gernika-Lumoko Udalak
Sistema berriagaz CO2 emisioak %58,03 murriztuko dira eta energia %29,9 aurreztuko da.
Gernika-Lumoko Udalak energia aurrezteko eta efizientzia energetikoa lortzeko estrategia berria jarriko du martxan Malosteko kiroldegian. Hain zuzen, energia kudeatzeko eredu bat ezarri du udalak: eraikinean energia kontsumoa urrunetik etengabe monitorizatzeko eta kudeatzeko sistema. Urte amaierarako amaituta egotea aurreikusi dute.
Udal arduradunek jakinarazi dutenez, sistema berri horregaz eraikinaren egungo energia kontsumoaren eredua eta instalazioen eraginkortasuna ezagutu ahal izango dira. Tresnak energia kontsumoetan izandako desbideratzeak detektatzea eta zuzentzea lortuko du, baita horiek aztertzea eta kudeatzea ere. Hori horrela, udalak energia kontsumo hori %39,9 murruztu gura du, eta CO2 isuriak %58,03 jaitsi.
Sistema berriak gas naturala erabiliko du erregai gisa, “lehendik dagoen gasolioaren ordez”. Hala, gas kutsatzaile gutxiago isuriko ditu, emandako energia berdinagaz.
Jarduketa osatzeko, argiztapen elementuak eta antzekoak konektatzeko aukera ematen duen automata bat instalatuko da, eta horren guztiaren emaitza kiroldegiko energia elektrikoa eta energia termikoa kontsumitzen duten sistemen monitorizazioa osoa izango dela azaldu dute arduradunek.
Gastu publikoa neurtu. Administrazioan horrelako neurriak aplikatzeak gastu publikoa “arrazionalizatzea” dakarrela diote udal agintariek: “Hori egungo testuinguru ekonomikoan lehentasun bat da”.
Gainera, energia aurrezteak ingurumena zaintzea dakarrela diote eta hori garrantzitsua dela udalarentzat jakinarazi dute, “klima aldaketaren aurkako borrokan eta atmosferaren osasungarritasunean laguntzen duelako”.