Binakako Txapelketan ariko da Arrizabalaga
Bihar hasi eta abenduaren 20ra bitarteko txapelketa izango da, pilota mistoagaz lehiatuko dena. Gernikako pilotariak Ane Urkizugaz jokatuko du.
Lau eta Erdiko Emakume Master Cup txapelketa bertan behera utzi behar izan dute antolatzaileek, Nafarroako eta Errioxako pilotariak ezin direlako euren herrialdetik atera. Hori horrela, haren lekua hartuko duen Binakako Txapelketa antolatu dute. Bertan ariko da Olatza Arrizabalaga pilotari gernikarra.
“Bizi dugun ez ohiko larrialdi egoera honek sekula baino malguagoak izatera behartzen gaitu eta horregatik antolatu dugu Binakako Txapelketa malgu eta alternatibo bat”, azaldu dute antolatzaileek, eta kaiolak utzitako hutsunea beteko duela adierazi dute. Emakume pilotariek frontoietan lehiatzen jarraitzea bermatu gura dute horrela.
Bi multzotan banatutako zortzi bikotek jokatuko dute txapelketan, hamasei pilotarik hain zuzen. Jakinarazi dutenez, pilta mistoagaz jokatuko da. Olatz Arrizabalaga pilotari gernikarrak Ane Urkizu Berastegiko pilotaria izango du bikote, eta lehia hasteko prest daude.
Bihar hasiko da. Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailaren oniritzia jasota, asteburu honetan ekingo zaio abenduaren 20ra arte luzatuko den lehiari. Guardian eta Legution jokatuko dituzte lehen norgehiagokak.
Bihar 18:00etan hasita jokatuko dira A taldeko lehen bi partiduak Guardian, eta bertan ariko da pilotari gernikarra. Urkizugaz batera, Iera Agirre eta Arrate Bergarari irabaztea bilatuko dute. Arrizabalagak uste du ez dela norgehiagoka erraza izango, “Agirre eta Bergara defentsan oso ondo aritzen den bikotea delako”. Hori horrela, aurrean tantoak “ondo” bilatu beharko ditu: “Gauzak aurrean ondo egin beharko ditut irabazteko, eta normalean baino gutxiago huts egin”. Guardiako beste partiduan Andrea Aldaregiak eta Olatz Ruiz de Larramendik Patri Espinar eta Naroa Agirre izango dituzte aurrez aurre.
Domekan 12:00etatik aurrera, aldiz, B taldearen txanda izango da Legution. Leire Garai eta Gentzane Aldai bikotea Ainhoa Ruiz de Infanteren eta Miriam Arrillagaren aurka lehiatuko da. Miren Larrarte eta Nora Mendizabal, berriz, Amaia Aldai eta Oihana Orbegozoren aurka ariko dira.
Multzo bakoitzeko lehen bi bikote sailkatuek finalerdiak jokatuko dituzte abenduaren 6an eta, dena ondo joanez gero, finala abenduaren 20rako iragarrita dago, Arrigorriagan.