Ostalaritza ixteko agindu du Eusko Jaurlaritzak
Ostalaritzako lokal guztiak ixteko agindua eman du, eta etxeratze agindua ere ordubete aurreratu du Eusko Jaurlaritzak; 22:00etatik 06:00etara pertsonen zirkulazioa mugatuta egongo da. Neurriak zapatuan sartuko dira indarrean, eta azaro osoan egongo dira indarrean.
Gabonetara ahalik eta baldintza onenetan iristeko eta etxeko itxialdia saihesteko neurriak hartu ditu Eusko Jaurlaritzak. Horretarako urriaren 26etik indarrean dauden murrizketak zorroztu dituzte. Neurriak azaro osoan egongo dira indarrean, eta hamabostean behin aztertuko dituzte, “zenbaterainoko eragina izaten ari diren ikusteko”. Ostalaritzako lokal guztiak ixteko agindua eman du, eta etxeratze agindua 22:00etatik 06:00etara mugatu.
Hori horrela, taberna eta jatetxeek itxita egon beharko dute. Kanpoan geratzen dira hoteletako eta beste ostatu batzuetako jantokiak, egoiliarrei zerbitzua emateko. Jatorduak etxez etxe prestatu eta zerbitzatu ahal izango direla zehaztu dute, aldez aurretik eskatuta eta 21:00ak aurretik. “Neurri honetatik kanpo geratzen dira, baita ere, gasolindegietan, osasun zentroetan, zentro soziosanitarioetan, eskola jantokietan, lantegi eta jantoki sozialetako zerbitzu guneetan sartzen diren jatetxe zerbitzuak”, azaldu du lehendakariak.
Halaber, pertsonen mugikortasuna ere mugatuta egongo da 22:00etatik 06:00etara bitartean. Sanchezek etxeratze agindua 22:00ak baino lehen ezartzea ez du onartu, eta, ondorioz, indarrean dagoen legeari jarraituz, etxeratze agindua ordubete aurreratzea erabaki du Jaurlaritzak.
Aforoa %35ekoa izango da kultur jardueretan, eta 21:00etako amaitu beharko dira emanaldiak. Profesionalak ez diren taldekako musika eta ahots entseguak bertan behera geratuko dira.
Taldeko edozein kirol jarduera etetea adostu dute, lehiaketa profesionala edo erdi profesionala izan ezik. Kiroldegietako saioek jarraitzeko baimena izango dute, maskara jantziz gero, eta gehienez sei laguneko taldeetan. Maskara derrigorrezkoa izango da baita ere jarduera fisikoa edo kirola hiri edo herri inguruetan egiten denean. Debekatuta dago gainera, kirol ekitaldietara joatea. Joko eta apustu establezimenduak itxita egon beharko dira.
Garraio publikoari dagokionez, 22:30etik aurrera ezingo da garraio publikoan irten lurralde bakoitzetik, orduan etengo baitute jarduna.
Lehendakariak “indarrak batzeko” eskatu du, “guztion onerako”. Hala, “zorroztasun eta erantzunkidetasun handiena” eskatu du.
Datuak, “kezkagarriak”. Iñigo Urkullu lehendakariak esan du datuak kezkagarriak direla: “Datuak ez dira lasaigarriak. Gure inguruan, birusaren transmisioa gero eta handiagoa da. Egoera gero eta kezkagarriagoa da”. Esan duenez, ospitaleek ez dute “kolapsatzeko” arriskurik oraingoz, baina horien saturazioa “mehatxua” dela uste du: “Ezinbestekoa da transmisioa eteteko neurri berriak hartzea eta ezinbestekoa da orain egitea”. Izan ere, neurri berriak “beste konfinamendu bat saihesteko” hartu dituztela dio.
Egoera honen aurrean, LABIren barruan pandemiak eragindako sektoreentzako laguntza-ildoen balorazio bat partekatuko dela gaineratu du; merkataritzaren, ostalaritzaren eta turismoaren arloko laguntzak aztertu dituzte. Eusko Jaurlaritzak laguntza-programa guztiak indarrean mantentzen dituela gogorarazi du, eta kaltetutako sektoreekin zuzeneko harremanetan jarraituko dutela esan du, “behar diren beharrei hobeto erantzuteko”.