Kiroldegiko kuota bueltatuko dute, hala eskatuz gero
Eskatu ezean, hurrengo urteko kuotan egingo diete deskontua. Martxoaren 13tik uztailaren 23ra bitarteko tarteari dagokion kuota itzultzeko aukera onartu dute.
Kirol Patronatuak martxoaren 13tik uztailaren 23ra bitarteko tarteari dagokion udal kiroldegiko kuota itzultzeko aukera onartu du. Hain zuzen, kuota bueltatuko diete itzultzeko eskatzen duten erabiltzaile guztiei.
Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak urriaren 28ko osoko bilkuran jakinarazi zuenez, tarte horri dagokion kuota itzultzeko eskatu beharko dute erabiltzaileek. Hori egin ezean, hurrengo urteko kuotatik dagokion diru kopuru hori murriztuko zaiela adierazi zuen: “Kudeaketa egokia eta serioa dela uste dut”.
EH Bilduk, berriz, martxoaren 14tik uztailaren 23ra arteko kuota hori erabiltzaile guztiei “modu automatikoan” bueltatzeko eskatu du. Halaber, uztailaren 23tik urte amaierara bitarteko kuotaren zenbatekoaren “erdia” kobratzeko ere eskatu du, zerbitzua “murriztu” dutelako: “Edukiera eta ordutegi mugak daude, eta aldagela zerbitzurik ez dago. Beraz, ez da logikoa kuota osoa kobratzea”. Gorroñok, baina, kuota erdia kobratzearen zergatia galdetu zien EH Bildukoei, haren ustez, beste ehuneko bat izan zitekeelako: “Zein irizpidek dio %50 gutxitu behar dela kuota?”
Ekonomia. Pandemiak “gogor astindu” ditu osasuna eta ekonomia, eta udalak ematen dituen zerbitzuetako asko ezin dira %100ean garatu, dauden segurtasun eta osasun neurriak tarteko. “Egia da egoera honek krisialdi latza ekarriko duela, eta udal kontuek ere murrikzetak jasango dituztela; baina zama hori ezin da inolaz ere herritarren gain jarri eta hori egin du udal gobernuak”, adierazi du EH Bilduk. Hori horrela, “lehentasunak birplanteatu” eta dagoen dirua herritarren mesedetan erabiltzea aldarrikatu dute: “Honek ezinbestean, kuoten tratamendu are arduratsuagoa egitea ekarri behar du. Diru sarreren murrizketak saihesteko proposamen orokorrak egin behar dira, epe ertain-luzerako”.
Gorroñok herrian kirol asko egiten dela esan, eta horretarako instalazio “onen” beharra dagoela adierazi du. Hala azken urteetan egin diren hobekuntzak gogoratu zituen osoko bilkuran: “Okerragoa litzateke kuota erdia kobratu eta instalazio txarragoak izatea. Instalazio egokiak izatea beharrezkoa da. Hori horrela, Urbietako Hegozelaia berritzen gabiltza, bost frontoien teilatua ere berritzen ari gara, eta harmaila eraitsi da. Bi padel pistak ere egin dira herritarrei eskaerei erantzunez. Malosten ere kalefakzio berria jarri dugu, eta Santanapen bi aldagelak berriztu ditugu”. Kirol patronatuak duen diru sailagaz urtez urteko hobekuntzak egin dituztela dio herriko alkateak.