Aurkari zuzena hartuko du etxean Lointekek, bihar
Movistar Estudiantesen aurka jokatuko du Lointek Gernika Bizkaiak, bihar, 20:00etan, Malosten.
Hamargarren jardunaldian Movistar Estudiantes izango du aurkari Lointek Gernika Bizkaiak. Sei partidu irabazita bosgarrena da Madrilgo taldea, eta sailkapenean seigarren dago gernikarra; bost norgehiagotan gailendu da. Aurkari “zuzena” da, eta talde gernikarraren maila zein den ezagutzeko partidu “garrantzitsua” izango da biharkoa; 20:00etan Malosten jokatuko dute.
“Orain arte jokatu ditugun partidu guztietan garrantzitsuena biharkoa dela esango nuke”, adierazi du Mario Lopez talde gernikarreko entrenatzaileak. Norgehiagoka “oso lehiatua” izango dela aurreikusi du, Madrilgo taldea denboraldi “bikaina” egiten ari delako.
“Ezustekoa” eman duen taldea dela deritzo: “Oso aurkari gogorra da. Bai fisikoki zein taktikoki. Onenak izaten ari dira”. Estudiantesek Gironaren aurka luzapenean galdu zuela gogoratu du, eta Perfumerias Avenidaren aurka, berriz, bost puntugatik galdu zuela zehaztu du Lopezek: “Partidu onak egin ditu, aurkari gogorra da, azken minutura arte lehiatzen dueha. Oso zaila da partiduan ihes egitea, eta gure bertsiorik onena erakutsi beharko dugu irabazteko”.
Asko exijitzen du Movistar Estudiantesek. Erasotzeko estrategia desberdinak lantzen dituen taldea da. Pibotekin saskitik gertu zein urruti joka dezakete, eta kanpoko jokalariek piboten lekua har dezakete. “Talde oso fisikoa da, bat baten aurkako jokoan oso jokalori onak dituena”, esan du Lopezek, eta Melisa Getterren lana azpimarratu du, “berak kontrolatzen baitu jokoaren erritmoa”.
Partiduan gailentzeko defentsa lan bikaina egin beharko dute talde gernikarrekoek: “Euren jokalari onenak kontrolatu behar ditugu. Ez dago bakarra, hiruzpalau dira kontrolpean izan beharko ditugunak. Saskiratze asko lortzen dituzte”. Eta, batez ere, errebotea babestu beharko dutela azaldu du entrenatzaileak: “Errebotea asko borrokatzen duen taldea da, eta erreboteak eskuratuta eraso oso arinak egiten dituzte. Defentsa lan sendoa eta arina egin beharko dugu”. Halaber, baloiaren kontrol arina bilatuko dute Lointekekoek, saskiratze errazagoak lortzeko.
“Biharko partiduak erakutsiko digula zein den gure maila. Orain arte etxeko partiduak erraztasunez irabazi ditugu, eta biharkoa ez da erraza izango”, dio Lopezek.
Konfiantzaz beteta. Joan den asteburuan Perfumerias Avenidaren kontra 8 puntugatik galdu arren, maila ona erakutsi zuen taldeak. Konfiantzagaz heldu dira. “Gure betebeharra egunero hobetzea da, eta ikusi zen Salamancan aurrera pausoa eman dugula. Ondo lehiatu genuen eta ez genuen beldurrik izan. Orain badakigu zer nolako taldea izan ahal garen. Jarraitu egin behar dugu lan egiten”, azaldu du Naiara Diez kapitainak.
Lopezek onartu du taldeak “zenbait zalantza” zituela etxetik kanpoko partiduetan, eta Salamancako partiduak konfiantza eman diela onartu du. “Aurrez aurre lehiatu genuen partidua liga irabazteko faboritoa den talde baten aurka. Horrek taldeari sinestarazi dio egindako lanak emaitzak eman dituela. Biharko partiduagaz borobildu behar dugu”.
Jendearen babesa. “Indarra ematen digu etxean jokatzeak eta jendea bertan egoteak”, adierazi du Diezek. Hori horrela, aurrerantzean, La Caixa Fundazioagaz elkarlanean, beste pauso bat eman dute. Bazterketa arriskuan dauden taldeei lehen mailako partiduak ikusteko aukera emango diete, Malosteko harmailetako bat eurentzako egokituz. Aurreikusi dutenez, 400 onuradun inguru hurbiltzea aurreikusi dute.
Gerardo Candina presidenteak azaldu duenez, Busturialdean lan egiten duten gizarte erakundeen beharra ikusarazteko aukera bikaina da: “Saskibaloi talde bat baino askoz gehiago gara, beste gauza askoren artean harrobiaren edo integrazioaren aldeko apustua egiteko asmoa daukaguna. “La Caixa Fundazioa” harmaila sortuta, Bizkaiko eliteko emakumezkoen saskibaloitik kanpora zein barrura ateak irekitzea espero dugu”.