"Burgesiaren zuzeneko diktadura" gelditzeko eskatuko dute zapatuan
Gazte Koordinadora Sozialistak deituta, osasun irizpideen "aitzakiapean" indarrean jarri dituzten neurriak salatuko dituzte.
Gernika-Lumoko Gazte Koordinadora Sozialistak deituta, agintariek osasun irizpideen “aitzakiapean” indarrean jarri dituzten neurriak salatuko dituzte udalerrian: “Kanpaina nazionala abiatu dugu neurri horien benetako izaera salatzeko. Uste dugu ez direla benetan osasun neurrietara egokitutakoak. Neurrien asmoa autoritatea edo errepresioa bultzatzea dira”.
Burgesiaren zuzeneko diktadura gelditu izeneko kanpaina jarri dute martxan, “oligarkia finantziarioak, politikari profesionalak eta enpresari handiek ezarri dituzten neurriak direlako”. Horiek salatzeko, elkarretaratzea deitu dute Gernika-Lumon; zapatuan 18:30ean Merkurion jarri dute hitzordua.
Azken hilabeteetan indarrean jarri dituzten “neurri murriztaileen” kontra egingo dute, neurri horiek herritarren oinarrizko eskubideak “urratzen” dituztela iritzita. “Osasun neurriak hartu behar dira baina eskubideak urratu barik. Pandemia egoeraren baitan pertsonen osasuna bermatzea beharrezkoa da, baina, jendearen oinarrizko eskubide eta askatasunak ere bermatuta egon behar dira. Eta hori ez dute egin”, zehaztu dute.
Hain zuzen, hartu diren neurriek “elite ekonomikoan irabaziak eta aberastasuna metatzea” bilatzen dutela diote: “Ez dira lantegiak itxi, ezta eskolak ere. Garraio publikoak ere berdin jarraitzen du. Ikusten dugu arazo horietan ez direla neurriak hartu eta jendeari askatasuna kendu zaiola”.
Gainera, ezarritako neurri horiek “normaltzat” hartzen direla salatu dute: “Ikusten duguna da azken hilebeteetako neurriak normaltzat hartzen joan garela, eta ulertzen dugu gertatzen ari dena ez dela bakarrik osasun krisia, krisi orokorra baizik”. Gero eta pobrezia “handiagoa” dagoela eta etxe kaleratzeak “gero eta gehiago” ematen direla diote: “Lan esparruan ere asko geratu dira lanik barik. Miseria gehiago dago, eta horrek ez dio koronabirusari erantzuten, krisi egoera bati baino, orain dela urte askotatik dagoena”.
Gazteriaren “kriminalizazioa”. Halaber, gazteriaren kriminalizazioa ere salatuko dute. “Osasun krisiari dagokionean, ardura indibiduala eta konkretuki gazteriarekiko kriminalizazioa bultzatzen dabiltza. Gazte edo auzoetako jendea kriminalizatzen dabiltza, eta horregaz legitimatu egin gura dituzte hartzen dabiltzan neurri errepresiboak. Esaterako multak jartzea eta horiek ontzat hartzea edota indar polizialak areagotzea”.
Krisiari erantzun sozialik ez emateko eta pandemia egoerara “gehiago ohitzeko”, poliziaren “jazarpena” eta “kontrol soziala” areagotu egin direla diote Gernika-Lumoko Gazte Koordinadora Sozialistakoek.