Antzerkira hurbiltzeko hiru ikastaro egingo dituzte Gernika-Lumon
Hiru saiotan antzerkia lantzeko ikuspuntu desberdinak jorratuko dituzte hiru sortzailek. Jolasa, irudimena eta sorkuntza landuko dituzte, eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete.
Gernika-Lumoko herritarrei zein eskualdeko biztanleei antzerkira hurbiltzeko antzerki ikastaroak antolatu dituzte Artedramak eta Gernika-Lumoko Kultur Etxea Fundazioak. Kultur eskaintza bultzatzeko helburuagaz, hiru saio prestatu dituzte hurrengo asteetarako.
“Arte eszenikoetara hurbildu nahi duten herritarrei aukera luzatu nahi diegu jolasa, irudimena eta sorkuntza elementu nagusitzat dituen antzerkiaren abenturan murgiltzeko”, adierazi dute arduradunek. Parte hartzeko gonbidapena egin diete herritarrei: “Gure saioak antzerkigileei, antzerkizaleei eta etorkizuneko aktoreei zabaldu nahi diegu gure herrian eta eskualdean”.
Hori horrela, arte eszenikoen mundura lehen pausoa emateko, eukarazko tailer trinkoak egingo dituzte hiru asteburutan: “Antzerkia jolas moduan euskara hutsean lantzea da gure erronka nagusia beste behin ere”. Saio horietan hiru antzerkigile ezagunekin egingo dute lan parte hartzen dutenek, eta antzerkigile bakoitzak sormenezko unibertso propioa eraikitzea bilatuko du. “Ikastaro hauetan ikasle bakoitzak bere sormenezko unibertso propioa eraikitzea gustatuko litzaiguke eta antzerkiak dituen forma guztiak ezagutzea gurekin”, zehaztu dute. Hain zuzen, “errotik gorantza datorren keinua, ahotsa, gorputza eta zeinua” landuko dituzte eta sorkuntzaren bide askeetan murgilduko dira bertaratzen direnak.
Hiru sortzaile. Antzerkigile ezberdinen begiradak ezagutuko dituzte; hain zuzen, Oihane Enbeitaren, Iraia Eliasen eta Miren Tirapuren ikuspuntua aztertuko dute.
Lehenengo ikastaroa Oihane Enbeita sortzaile gernikarrak gidatuko du, eta egunerokotasunaren poetikan murgilduko dira parte hartzaileak: “Arruntetik poetikorako bidea jorratuko dugu. Antzezlearen lana interpretatzea eta komunikatzea da. Zelan interpretatzen dut inguratzen nauena nigan eta interpretazio hori zelan helarazi besteei besteei. Poesia bera ez al da errealitatearen interpretazioa? Zer ezkutatzen da egunerokotasunean, arrunta deritzogun horretan?”. Antzezpen bakoitza ikuspegi partikularra dela dio sortzaileak, eta beragaz bakoitzarena deskubrituko dute.
Bigarren saioan Iraia Eliasekin pertsonaiak sortzeko bidea landuko dute. “Milaka animalia ezberdin bizi dira lurrean. Bakoitzak du bere erritmoa, arnasa hartzeko modua, mugimendua, begirada, energia… Animaliek emandako informazio horretatik abiatuko dugu pertsonaiak sortzeko lana. Eurek gure gorputzean utzitako arrastoak zein pertsona mota sor dezake?”, azaldu du, eta hori guzti hori jolasaren eta ikerketaren bidez deskubrituko dutela dio.
Objektua, gorputza eta hitza. Hiru baliabide horiek izango dira Miren Tirapuk zuzenduko duen hirugarren tailerraren ardatzak: “Baliabide horietatik abiatuko gara gure egunerokoan mugatzen gaituzten araudi edo muga desberdinak apurtzeko“. Hain zuzen, barne-bulkadak jasotzea eta gorputz fisiko sentiberago bat lortzea izango dira aktore eta zuzendariaren helburuak: “Gorputz aske eta aldakor bat lortzea. Objektutik. Gorputzetik. Hitzetik”.
Izena ematea, beharrezkoa. Ikastaroetan parte hartzeko izena ematea beharrezkoa dela zehaztu dute antolatzaileek. Hori horrela, info@artedrama.eus helbide elektronikora idatzi edota hurrengo telefono zenbakira deitu beharko dute interesatuek: 615 77 95 11.
Ikastaroetan COVID protokoloa edukiko dutela ziurtatu dute arduradunek. Hala, maskararen erabilpena eta segurtasun distantziak mantentzea derrigorrezkoa izango da.
Ikastaroen egutegia
Azaroak 7-8. Oihane Enbaitagaz ikastaroa Elai Alai aretoan, 14 urtetik gorakoentzat.
Azaroak 21-22. Iraia Eliasigaz saioa Elai Alai aretoan, 16 urtetik gorakoentzat.
Abenduak 12-13. Miren Tirapurigaz ikastaroa Elai Alai aretoan, 16 urtetik gorakoentzat.