Lanbide Ekimenak tokiko lehiakortasuna sustatuko du lau proiektu berritzailegaz
79.490 euro bideratuko ditu enpresa sarearen lehiakortasuna bultzatzeko ekimenak babesteko.
Lanbide Ekimenak Zentroak 79.490 euro bideratuko ditu inguruko enpresei laguntzeko eta ekonomia sustatzeko proiektuak eta jarduerak bultzatzen jarraitzeko.
Digitalizaziora eta 4.0 industriara, enpresa kudeaketa hobetzera, eta berrikuntza eta enpresen arteko lankidetza sustatzera bideratutako lau programa lagunduko dira. Bizkaia Orekan Sakonduz izeneko foru programaren bidez bultzatuko dira proiektuak; hain zuzen, Bizkaiko Foru Aldundiaren tokiko eta eskualdeko lehiakortasuna bultzatzeko programak da.
Busturialdean berrikuntza eta lehiakortasuna sustatzea bilatzen du helburu proiektuetako batek. Teknologian oinarritutako ekosistema ekintzaile bat sortu gura du, enpresa eragileen erronkei irtenbidea emateko eta eskualdean kalitatezko enplegua sortzeko. Proiektuaren baitan daude Busturialdeko enpresa garrantzitsuetako batzuk, hala nola, Maier, Egoin, LGK, TDG Clamping Solutions, Albacora, Pevasa, Echebastar eta Wartsilla.
Enpresen ikusgarritasuna hobetzeko eta produktuak edo zerbitzuak merkaturatzeko modu berriak errazteko, berriz, Lea Artibai eta Busturialdeko enpresen artean Networking ekintzak egitea aurreikusi dute. Horretarako, networking-eko plataforma birtual bat sortzeko lanean ari dira, “negozio aukerak areagotzeko eta online enpresak sustatzeko”. Proiektu honetan Gernika-Lumo inguruko 70 enpresek parte hartzea aurreikusi dute.
Beste proiektu batekin, garapen ekonomikorako plan bat sortu gura dute, “eskualdean enplegua sustatzeko”. Eta zuraren sektoreari ere bultzada eman gura diote Egurre proiektuaren bidez. Zuraren sektorea aztertu eta parte hartzen duten 9 enpresei merkaturatzen laguntzea da proiektuaren helburua.
Bizkaia Orekan Sakonduz. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Beaz Erakunde Autonomoak abian jarritako ekimena da Bizkaia Orekan Sakonduz. Lurraldearen garapen orekatu eta iraunkorrean sakontzen jarraitzeko asmoz, lehiakortasuna bultzatzen duten eskualde garapeneko eragile eta erakundeekin lankidetza dinakimak bultzatu gura ditu.
Lurralde osoko garapen agentziek Bizkaia Orekan Sakonduz proiektuaren inguruan sortutako sarea funtsezkoa da Bizkaiko zonaldeak berpizteko, hurbiltasunagatik eta erakunde horiek beren udalerriko enpresen benetako behar espezifikoei buruz duten ezagutzagatik, bai eta lurraldeko enpresa txikiei dituzten tresna guztiak ezagutarazten laguntzeko.
Bizkaia Orekan sarearen inguruan tokiko eta eskualdeko eragileekin batera sortutako ssareari eskera, azken urteotan 62 teknikariz osatutako talde bat eratu da, osasun-larrialdiaren ondorioak arintzeko abian jarritako neurriak eta laguntzak Bizkaiko zonetako enpresa txikietara iristea errazten ari dena.