Laminados Losal enpresan izandako istripua salatu du LABek
Gernika-Lumoko enpresaren aurrean elkartu dira sindikatukoak, eta istripua eta enpresaren jarrera salatu dute. Patronalak Losal enpresan izandako istripua "lan istripu arina" bezala jaso duela jakinarazi dute.
LAB sindikatuak joan den zapatuan [urriak 24] Gernika-Lumoko Laminados Losal SL enpresan gertatutako lan istripu “larria” salatu du gaur. Gernika-Lumoko enpresaren aurrean elkartu dira sindikatukoak, eta istripua eta enpresaren jarrera salatu dute.
Patronalak Losal enpresan izandako istripua “lan istripu arina” bezala jaso duela jakinarazi dute: “Badakigu bi tona eta erdiko pisua hanka gainera erori zaiola langile bati. Eta badakigu horrelako istripuek heriotza suposatu dezaketela. Zortea izan du, zerbait esateagatik, hanka harrapatu diolako pisuak eta odol zirkulazioa duenez, mantendu ahal izango du”.
Egoera horren aurrean, enpresaren jarrera salatu dute. Enpresako arduradunek istripua ez dutela “istripu larritzat” joko zehaztu dute, “istripu arinak lan ikuskaritzak ez dituelako aztertzen“. Sindikatukoen berbetan, “ia-ia heriotza ekar zezakeen” istripua izan da, eta langileak ez badu magistratura eramaten administrazioak ez du hori ikertuko: “Langileok ez badugu egoera aldatzen Mutuaren informean istripu arina izan dela agertuko da. Hor dago arazoa. Denon esfortsua da enpresari informea aldatzeko exijitzea. Izan ere, langileari bere etorkizuna hobeto kudetzen laguntzeko erraztasunak bilatu behar dira. Langileok ere ardura izan behar dugu”.
Istripua, gainera, lan egutegitik kanpoko orduetan gertatu zela jakinarazi dute LABeko ordezkariek eta horrek istripuak dakartzala diote: “Mila aldiz esan dugu, lan jardunaldi luzeek edota gehigarriek, orduz kanpokoek… arrisku handia dakartela. Eguneroko lanean arriskua badago, orduz kanpokoetan askoz gehiago dago”. Ordu horietan langile gutxiago daudela, eta, ondorioz, zaintza gutxiago dagoela adierazi dute.
“Eta hori ere horrela geratuko da. Zergatik? Inork ez duelako esango orduz kanpoko lanaldiek zelako eragina duten”, adierazi, eta lan orduak “errespetatzeko” eskatu diote enpresari. “Lan orduak errespetatzeko dira, eta ez gainetik salto egin eta nahi duenak nahi duena egiteko. Ekoizpena edonola ateratzeak ez du balio. Pertsonaren nortasuna eta izaera zaindu behar da, eta zehaztutako orduak horretarako dira”.
Orduak aldatu gura izanez gero, “langileekin negoziatu” behar dutela gogorarazi dute sindikatukoek. Baina Losal enpresan “malgutasun irekia” dagoela esan dute: “Hemen ez dago kontrolik, eta horrek erantzukizuna dauka”.
Batasun sindikala. Gaurko elkarretaratzea LAB sindikatuak deitu du, eta bertan batzordeko beste sindikatuak ere egon beharko luketela adierazi dute LABekoek: “Zergatik dago LAB bakarrik hemen? Holako salaketa baten aurrean batzordea egon beharko zen. Beste herri edo enpresetan istripuak daudenean batasun sindikalak funtzionatzen du. Zergatik ez Losalen? Zergatik gaude gu hemen? Guk egoera hau eragin dugulako daude ELAkoak barruan batzartuta, baina egoera hau publikoki salatu behar dela uste dugu”.