Herriko bazterrak izango dira 2021eko egutegiaren protagonistak
2020ko Muxika, Ibarruri eta Gorozikako argazki lehiaketan parte hartu gura dutenek azaroaren 19ra arte dute argazkiak aurkezteko aukera. Parte hartzaile bakoitzak gehienez sei argazki aurkeztu ditzake.
Muxika, Ibarruri eta Gorozikako argazki lehiaketa martxan dago. 2021ko egutegia osatzeko, “Gure bazterrak” gaia aukeratu dute. Beraz, argazkietan parte hartu gura dutenek herriko inguru eta bazter ederrenak islatzen dituzten irudiak aurkeztu beharko dituzte.
Azaroaren 19a (eguena) da argazkiak aurkezteko azken eguna. Parte hartu gura dutenek Zubieta Errotako liburutegian utzi ahalko dituzte argazkiak, USB batean eroanda, edota liburutegia.muxika@bizkaia.org helbide elektronikora bidali ahalko dituzte. Argazkiak aurkezterakoan, egilearen izen-abizenak eta harremanetarako datuekin batera, argazki bakoitzaren azpian noiz eta non ateratakoa den zehaztu beharko dute.
Parte hartzaileak bi kategoritan banatu dituzte: 16 urtera artekoak eta 16 urtetik gorakoak. Parte hartzaile bakoitzak gehienez sei argazki aukeztu ahal ditu, edozein teknika eta koloretan. Hala ere, JPG formatuan eta ahalik eta kalitate handienean aurkezteko eskatu dute.
Jakinarazi dutenez, argazkiak Muxikako argazki artxiboaren parte izango dira: “Lehiaketara aurkeztutako lanak Muxikako Udalaren eskuetan geratuko dira, eta berak izango ditu eskubide guztiak, beti ere, egilearen izen-abizenak aipatuz”. Izan ere, horiekin osatuko da 2021eko egutegia, egilearen izena eta abizenak aipatuz. Argazki guztiekin, gainera, erakusketa jarriko dute Zubieta Errotako aretoan.
Sariak. Kategorien araberako sariak zehaztu dituzte arduradunek eta partaideek ezingo dute sari bat baino gehiago. Nagusien lehiketan hiru sari banatuko dituzte: lehiaketako argazki onena, lehiaketako bilduma onena eta muxikarren argazki onena. Irabazleek 150 euroko saria jasoko dute.
Gaztetxoen artean, ostera, sari bakarra banatuko dute: argazki onena. Argazkilaritzako materiala erosteko 100 euroko txartela emango diote irabazleari.